Galarretan, bi ur tuberi elkartuko dituzte, aberien aurrean urik gabe ez geratzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 28a, 01:00

Añarbeko Urak enpresaren ur sarean bi obra egingo dira aurten, aberien aurrean urik gabe ez geratzeko. Horietako obra bat Galarreta inguruan egingo da. Añar­beko ur sareak adar itxura du. Jatorria, Asti­ga­rragako Petritegiko EUTEn dago, hau da, biltegi burua dago bertan, eta lau adarren bidez, edateko ura Manko­munita­tea­ren esparruko 23 biltegietara banatzen da. Adar horietako hasierako zatietan aberia garrantzitsu bat izanez gero, biltegi guztiak urik gabe geratuko lirateke. Horren aurrean, obra egitea erabaki du Añarbek. Sareari lauki itxura eman nahi dio eta sistemako adar nagusiak elkarrekin konektatuko dira. Sare mota honen abantaila honakoa da: aberia baten ondoren maniobra erraz eta azkarren bidez, zerbitzuak jarraitu dezake beste adar bat erabiliz. 

1.125.000 euroko inbertsioa
Añarbeko Urak-ek jakinarazi duenez, lan honetan 1.125.000 euro inbertituko ditu. Galarretan lehenengo interkonexioa egingo da (I eta II adarren artekoa) eta 842.000 euroko aurrekontua izango du. Konexio tuberiaz gain, ponpaleku bat ere eraikiko da. Helburu berdinarekin egingo dira II eta IV adarren arteko interkonexioa eta dagokion ponpalekua. Obra honen aurrekontua 283.000 eurokoa da.


Petritegiko ur biltegi nagusiko konponketa obrak, bukatuta
Bukatu dira Astigarragako Petritegiko EUTEko (ur biltegi nagusia) konponketa obrak. 2008ko azaroaren 24ko goizaldean, Donostiako Bigarren Zinturoia egiteko obretan, luizi garrantzitsu bat gertatu zen Petritegiko EUTEaren ondoan. Lurra eusteko pareta bat hautsi egin zen eta ur sareko lau adarretatik hiru, guztiz edo partzialki moztuta geratu ziren. Kalte haundiak eragin zituen azpiegituran, baina Mankomunitatearen hamar udalerrietako 312.000 biztanlek ez zutela ur faltarik izan azaldu du Añarbek. Konponketa lanek 1.263.000 euroko kostua izan dute. Bidegiren eta errepidea eraikitzen ari zen UTEaren aseguru-etxeek bere gain hartu dituzte kostuak. Obra honekin aldatu dira: 250 metro tuberi, 600 eta 1.200 mm-ko diametro artekoak; teleaginte-lineak; biltegi eta ponpalekuekin loturak; telefono-lineak; bideak; argiteria...

AÑARBEKO EGOERA
Urtegiaren egoera                                     m3                 %

2012-02-12an bildutako ur bolumena    32.880.726          88

Iaz egun berean bildutako ur bolumena   33.106.346          89                                                          

Prezipitazioak urtegian                   l/m2             Bataz besteko urtearekiko

Pasa berri den urtarrilean                   266                            129

Iazko urtarrilean                                  51                              25

                              

Prezipitazioak azken 24 hilabetetan        l/m2          Bataz besteko  urtearekiko

2011 ots.-2012 urt.                                    2.348                            115

2010 ots.-2011 urt.                                    1.556                             76


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!