GAUR egungo gizartean gero eta aldaketa azkarragoak suertatzen dira eta adineko aiton-amonei oso zaila egiten zaie batzuetan hauek ulertzea. Hori dela eta, Ongintza elkarteak eta Goiz Eguzki jubilatuen etxeak antolatutako jardunaldietara jende asko hurbildu da aste honetan.
Astelehenean Lidia Barrio abokatuak bidaiariek dituzten eskubideetaz eta hauetan sor daitezkeen arazoak azaldu zituen ordubete pasatxoko hitzaldi batean 20 aiton-amonen arreta zuelarik. Azken hauek, Begoña Olabarrietaren laguntzaz, praktikan jarri zuten asteartean egun bat lehenago hitz entzundakoa.
Bidaiarien eskubideak
Barrioren hitzetan oso arriskutsua da bidaia bat hartzea, izan ere, ez dakigulako dena prezioaren barnean egongo den ala ez. Abokatuak dio «Bidai konbinatu edo pakete turistiko batean garraio-bidea, txangoa eta ostatua sartu behar da gutxienez». Kontsumitzailearen legea da mota honetako bidaiak arautzen dituena normalean.
Barrioren esanetan, bidaia bat hartzerako orduan kontsumitzaileak duen lehen kontaktua liburuxka da: «Bertan agertzen dena kontratua bezalakoa da. Ez da iragarki hutsa. Hemen agertzen dena gero bidaia hartzean eskatu dezakeguna da, besteak beste,ostatua, garraio-bidea, prezioa eta abar. Informazioa beharrezkoa da liburuxka honetan, bezeroak jakin dezaten prezioa nondik nora dijoan».
Bigarren pausoa edo kontaktu bidea kontratuaren sinatzea izango litzateke. Bere hitzetan «aurrerapen bat eskatuko digute, %40koa normalean. Beharrezkoa da dena idatzita egotea. Ez badago dena kontratuan zehaztua idazteko eskatu beharko diogu bidaia-agentziako langileari gaizki-ulertuak egon ez daitezen».
Bidaia baino lehenago sor daitezkeen arazoak
Barrioren esanetan, baliteke dena hartuta edukitzea eta prezioek gora-beherak jasatea edota beste motako arazoak suertatzea: «Gaixotasuna, istripua eta abar gertatu ezkero bidaira joan baino lehen, hau ahalik eta azkarren ezeztatu beharko dugu. Horretarako agentzian abixatu behar da eta dirua itzultzeko eskatu».
Abokatuaren hitzetan «Itzultzen diguten dirua %100a izango da arrazoia indarrezkoa izanez gero: istripua, heriotza... Horrelakoa ez bada eta hamabost egun lehenago egiten baditugu tramite guztiak, diruaren %95a itzuliko digute. %85a berriz hiru egun igarotzen badira itzuliko digute, azken 48 orduak zenbatuta. Bidaira ez bagoaz edo ez bagara azaltzen ez digute dirua itzuliko».
Baina beste kasu batzuetan bidaia-agentzia da bidaiak ezeztatzen dituena. Honen aurrean, Barriok dio: «Agentziak beste bidaia baterako aukera eman beharko du naitanahiez (maila berekoa edo altuagokoa hori bai, prezio berdinean). Maila txikiagoko bidaia baldin bada diruaren aldea itzuli beharko digute. Eta ez badugu beste bidai bat nahi ,dirua itzuliko digute eta kalte-ordainaren zenbatekoa».
Hitzlariaren esanetan, 2000 euro baino gutxiagoko kopurua eskatzen duten egoeratan ez dugu zertan abokatu bat kontratatu behar: «Kasu horietan zuzenean joan gaitezke Auzitegira». Gauzak eskatzeko edota erreklamatzeko egun kopuru bat daukagunean, gomendagarria da egun tarte horietan Auzitegira joatea
Kalte txikiagoak
Barrioren hitzetan, baliteke bidaia bat hartzea eta beste motatako arazoak suertatzea: garraioen matxurak, hoteletan pertsonen masifikazioa eta abar: «Kasu horietan guztietan bidaia-agentziak uneoro egon behar du irtenbideak ateratzeko prest. Eta egindako kaltea hainbesterako dan, non bidaiariak etxera itzuli nahi duten , agentziak egindako akats guztiak ordaindu beharko ditu, itzultzeko erraztasunak eman eta gainera,kalte-ordainketa bat eman bidaiarei».
Kasu guzti hauetan, kontsumitzailea Auzitegira eraman dezake bai bidaia-agentzia bai eta enpresa handizkaria ere: «Honen aurrean arduradunak biak direla esaten du legediak. Baina bazpare beti frogak gorde behar dira».
Ohiko merkataritza gunetik kanpoko kontratuak
Asteazkenean lehenengo hitzaldian baino jubilatu dexente gehiago elkartu ziren Goiz Eguzkiko hitzaldi gelan. Bertan, Laudioko Kontsumo bulegoan lan egiten duen Maddalen Rivasek, ohiko merkataritza gunetatik at sinatzen diren kontratuetaz hitz egin zuen. Gainera ostegunean honi buruzko tailer bat egin zuten Begoña Olabarrietarein.
Hauek bideratzen dituen lege bat sortu dute orain dela gutxi. Rivas andrearen esanetan, kontratu hauek pertsona ahulei zuzenduak daude, hau da, bakarrik bizi diren, ezgaitasun fisiko bat duten edota arreta falta duten aiton-amonei: «Berdin zaie jendea engainatzea, kontratu saltzaile hauek ez daukate arimarik».
Kontratu motak
Mota honetako kontratu asko daude gaur egungo gizartean eta aipaturiko legeak honakoak bideratzen ditu: Alde batetik, hoteletan ematen diren kontratuak daude. Rivasek dio: «Aiton-amonei bidaia merke bat eskaintzen diete hotela eta guzti prezioan sartzen delarik eta gero bertan mota guztietako produktuak aurkezten diete eurek eros ditzaten».
Kontratu hauen beste mota bat eta ezagunena, entziklopediena da. Hitzlariaren esanetan, saltzaile hauei berdin zaie zer saldu dirua irabazten badute: «Jubilatuen etxeetan sartzen dira eta gutxienez entziklopedia bat saldu arte ez dira mugitzen».
Gainera, saltzaileak ez dira nekatzen, behin erosle bat lortuz gero, euren base-datuetan sartzen dute eta ahalik eta diru gehiena xahutzen diote: «Nekaezinak dira eta ez dira erruki sentitzen egiten dutenagatik» dio Rivasek.
Beste kontratu motak bide antolatuak dira. Kontsumo Bulegoko langilearen esanetan, enpresa batek bidaia bat antolatu dezake Santanderrera 5 euroko prezioan (garraioa eta bazkaria barne), eta gero bertan daudela edozeinkontratu sinatzeko produktuak eskaini.
Askotan ere, baliteke erosi edo sinaturiko kontratu batengatik opariak eskaintzea. Horiek produktu tranpak dira: «ez zaude bakarrik sinatu edo erosi duzuna ordaintzen soilik, opari horiek ere ordaintzen dituzu zu ezer jakin gabe»
Horrelako beste kontratu mota bat osasun inkestak dira. Rivasek dio: «Bi pertsona dijoaz zure etxera osasunez zer moduz zauden galdetzera, eta bukaeran zure etxera sartzen dira eta 3000 euroko magnetoterapiako produktu bat saltzen saiatzen dizute. Ez fidatu inorretaz eta saltzera dijoaz edozein produktu beste dendetakoekin alderatu lehenengo ahal baldin bada»
Azkenik, azken urteetan ospe izugarria hartu duten telefono zein elektrizitate kontratuak daude. Rivas andrearen esanetan hauek dira arriskutsuenak, askotan ez baitakizu zer konpainia eta enpresarekin ari zaren harremanetan jartzen: «Ordu desegokietan deitzen dizute seguruena beste herrialde batetik, eta nahiz eta ezezkoa eman deitzen jarraitzen dizute zu engainatu nahian». Horrelako produktuetan interesa edukitzekotan, Rivasek berebiziko ardurarekin jokatu behar duela adierzi zuen: «Benetan interesa baduzue produktu horretan, horretara joan eta galdetu. Ez sinatu ezer».
Nola izan behar dira kontratuak?
- Kopia duten orriak izan behar dira. Hau da, orri bat eroslearentzat izango da eta bestea saltzailearentzat.
-Saltzailearen datuak agertu behar dira bertan.
- Eroslearen datuak ere agertu behar dira bi orrietan.
- Banketxearen datuak ere azaleratuak egon behar dira.
-Zenbat da ordaindu behar den diru kopurua
Kontratua sinatzen badugu
Rivasen esanetan, mundu guztia da aske kontratua sinatzerako orduan: «Nahi duenak kontratua sinatu dezala, hala ere, jakin lege bat dagoela Baliogabetzeko eskubidea izenekoa. Lege honen bitartez, aukera duzu sinatu duzun guztia bertan behera geratzen da. Horretarako zazpi eguneko epea izango du pertsona bakoitzak, bere izen-abizena, NAN zenbakia eta kontratua baliogabetu nahi duela jartzen duen gutun bat bidaltzeko. Horren ondorioz, dena bertan behera geratuko da».
Bidegabetzeko eskubide hau ere, mota guztietako kontratuetan agertu behar da nahitanahiez.
Zer ez den egin behar erosle hauen aurrean
Horrelako kasuren batean aurkitzen bagara, Maddi Rivasek zer egin behar ez dugun ere azaldu zuen asteazkenean emandako hitzaldian:
- Gure etxera nahi duguna sartzen da bakarrik. Ez badugu nahi saltzaileak sartzea ez utzi. «Sartzen badira telefonoa hartu eta deitu poliziari» adierazi zuen Rivasek.
- Ez egin kasu etxeko ezkaratzean jartzen dituzten iragarki edo paperei. Gas azterketak noiz izaten dira gutun bidez adieraziko dizkigute
- Ez baduzu nahi ez hartu telefonoa.
Erreklamatzeko beste bideak
- Auzitegiz kanpoko ekimenetan, gomendagarria da kontsumitzailearen bulegora joatea. Bertan erreklamazioa idatziz egin beharko dugu. Ez bagara akordio batera iristen auzietara jo dezakegu. Bi urte igarotzen badira ezin izango dugu ezer egin.
- Erabili dezakegun beste bidea, bidaia-agentzia batera joatea izango litzake. Kasu honetan erreklamazioa idatziz egingo dugu. Erreklamatu nahi dugula eskatu beharko dugu. Kopia bat ateratzen dugu non data eta sinadura jarrita egon behar diren eta zigilua eskatuko dugu kopiarentzako.
- Beste bidea "Kontsumitzaileen Batzorde arbitrala"deitutakoa izango litzateke. Bertan arbitro edota epaileak daude. Epaile edo arbitro batek kontsumitzaileak defendatuko ditu eta besteak bidaia agentzia. Eurek erabakiak hartzen dute eta erabaki horiei Laudo deitzen zaie. Laudo horrek erabakiko du kontsumitzaileari dirua itzuli behar zaion edo ez eta ea kalte-ordainik eman behar zaion ala ez. Laudoak epaia bezain garrantzitsua da. Batzorde edo bide hau borondatezkoa eta dohanekoa da. Bidaia-agentziak edota enpresa handizkariak ez badute nahi bide hori ez da egingo.