Institutua, ohitura osasuntsuak lantzen, Europako sei eskolekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 26a, 01:00

Hernani Institutua, Dani­mar­ka, Belgika, Estonia, Erru­ma­nia, Hungaria eta Erresu­ma Batuko beste eskola banarekin batera, Europako Co­me­nius hezkuntza proiektuan parte hartzen ari da. Hain zu­zen, Healthy Lifestyles: Inside Out, Outside In izena du proiek­tuak eta bertan, ohitura osasuntsuak ari dira lantzen, batxilergoko lehenengo mailako ikasleak. 

2011ko irailean ekin zioten proiektuari eta bi urtetan, aukera izango dute, eskola bakoitza bisitatzeko, eta bizimoduak eta ohiturak konparatzeko. Herrialde horietako ikasleekin batera, bizitza osasuntsua izateko, gida europar bat sortuko dute. Dagoeneko, Londresen, Danimarkan eta Belgikan egon dira. Belgikan joan den astean izan ziren 12 ikasle eta 2 irakasle.

Hasteko, Londresen
Urriaren 10etik 14ra, Hernaniko Institutuko ikasketa burua eta proiektuaren koordinatzailea Londresen izan ziren, Highgate Wood eskolan. Bertan beste eskoletako koordinatzaile eta irakasleekin ikasturte honetarako plangintza eta bidaiak antolatu zituzten.

Danimarkan, lehenengo esperientzia
Azaroaren 18tik 22ra, 12 ikasle eta 2 irakasle Danimarkako Aalborg herrian izan ziren, Seminarieskolen 10th Class Centre eskolan. Bertan, ekintza ezberdinak egin zituzten, gainerako eskoletako ikasle eta irakasleekin: errezeta tipiko bat pres­tatu zuten; proiekturako logoa diseinatu zuten; talde mistoetan Aalborg herritik ibilaldia egin zuten; ikasle eta irakasle daniarren etxeetan afaltzen izan ziren; eta proiektuko webgunea sortu zuten.

Joan den astean, Belgikan
Otsailaren 14tik 18ra, 12 ikasle eta beste bi irakasle Belgikako, Regina Caelilyceum eskola, bisitatzen egon ziren. Ikasleak, ikasle belgikarren etxeetan egon ziren. Egin zituzten ekintzak, besteak beste: herrialde bakoi­tzeko janariak aurkeztu; pintxo osasuntsuak prestatu; errezeta bilduma osatu; errezeten bideoak prestatu; Brujas eta Bruselas bisitatu; eta belargintza eta birziklatze tailerretan parte hartu.

Datorren ikasturte hasieran, Hernanin
Apirilaren 18tik-22ra beste talde batek Estoniako Vatselina Gymnasium eskola eta herria bisitatuko ditu. Landuko duten gaia kirola izango da. 

2012-2013 ikasturtearen hasieran, berriz, Hernanira etorriko dira eskola guztietako taldeak eta institutuko ikasleen etxeetan geratuko dira 3-4 egun. Oreka eta norberaren ongizatea izango da gai nagusia. 

Ondoren beste bi irteera egingo dituzte ikasleek: 2013ko otsailean Errumaniara eta apirilean Hungariara. Bukatzeko, koordinatzaileak Erresuma Ba­tuko eskolan bilduko dira ebaluazioa eta txostenak egiteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!