Bigarren eskuko produktuek gero eta tiradizo haundiagoa dute hernaniarren artean. Oso dotore zegoen atzo Atsegindegi, era guztietako produktuak salgai zirela, eta jendea batera eta bestera, prezio ezinhobe batean nahi zuen hura bilatzera joanda.
Erropak, altzariak, jolasak, etxeko konplementuak... zabaltzen ari da aukera Hernaniko Bigarren Eskuko Azokan. Atzo, gainera, bi azoka batean ikusi zitezkeen, betiko azokaz gain, San Marko Mankomunitatearen azoka ere hortxe jarri zutelako. San Markok azoka ibiltari bat dauka, eta urtean behin, Hernanira iristen da. Atzo jarri zuten Atsegindegin.
Produktu zaharrak,
ohitura berriak
Erabilia izanagatik, produktu batek ez du txarragoa zer izan. Kontsumitzeko moduak aldatzen ari dira, eta beti berria erosi beharrik ez dagoela gero eta garbiago dauka jendeak. Gainera, herritarrek erosi bakarrik ez, saltzeko aukera ere izaten dute, beren postua jarrita. Prezioak ere bajuagoak izaten dira, eta garai hauetan ez da harritzekoa, jendeak ohitura berri honi indarrez heltzea.