Helburua betetzean, hau da preso eta iheslari guztiak etxeratzean, Herrira desagertu egingo da. Lehenbailehen desagertzeko asmoz sortu da, baina zer espero duzue, nahi baino gehiago iraungo du, estatuak pausoak ematen hasiko dira…
I. Olano: Atera demokratiko baten bidean, Euskal Herri mailan eman dira pausoak, baina estatuen aldetik ez. Nere ustez, momentua iritsiko da, pausoak eman beharko dituztena. Zerbait egin beharko dute eta horien artean, nik uste, presoak izango direla. Baina prest egon beharko dugu, posible baita batzuen gain bakarrik izatea eragina. Beraiek jokatuko dute orain arte bezala, bi aterako dituzte eta beste bi beste puntaraino eramango dituzte, eta gainera, hori, herri berdineko jendearekin egingo dute... Konfusioa eta gure arteko talkak bilatuz. Beraiek badakite nola jokatu eta badakite oso ondo funtzionatzen diela horrek.
G. Gonzalez: Alde batek eman dituen pausoekin, gutxienez, presoen gaineko presio batzuk desaktibatuta egon beharko lukete. Eta hala izango zela ematen zuen, baina azkenaldian badirudi hori frenatu egin dela. Eta hor sartzen gara gu: Herri presioa. Gaixo larriak kalean egon beharko lukete, parot doktrinak desaktibatuta egon beharko luke, presoek Euskal Herrian, etxetik gertu egon beharko lukete… lehenengo neurri horiek de facto eman beharko lirateke gauden eszenatokian. Hori horrela ulertzen du jende guztiak. Baina beraiek beren estrategiak dituzte eta aukeratu dute ez dela nahikoa. Horren aurrean, herriak ezetz dio. Gauza bat da jendea kartzelan egotea, baina bestea da biolentzia gehigarri bat aplikatzea. Gutxienez, hori desaktibatu behar da. Jendeak hori ulertzen du.
Jendea nekatu liteke,
pausorik ez dela ematen
ikusita?
G. Gonzalez: Gatazka konpondu nahi du herri honek. Gatazka luzatzeak nekatu baino, kezka sortzen du. Inpotentzia… Gauzak okerrera baldin badoaz, jendeak edukiko du gauza gehiago egiteko gogoa, beste erantzun bat emateko gogoa. Nekatu baino, jendeak beste jarrera bat hartuko du. Nolabait, intsumisoagoa izango da. Gainera, urtarrilaren 7ko manifatik aurrera, politikarien deklarazioak aldatu egin dira. Sinistu egin behar dugu horrela presionatzeak eragina duela, iritzi publikoan eragiten duela.
I. Olano: Bilatu behar duguna da, beraientzat komenigarriagoa izan dadila pausoak ematea, ez ematea baino. Herri presio bidez eta jendea aktibatuta, lortu behar dugu aldaketa hori.