«Gustora lagunduko nuke, baina ezin dut bileretara joan...»; «Lagundu bai, baina nola? Ez dut nere burua gai ikusten...». Bat baino gehiago izango da halako egoeran edo antzekoan, eta Herrira Mugimenduak horiengana ere iritsi nahi du. Herrira Mugimendua, preso eta iheslari guztiak etxeratzeko helburuarekin jarri da martxan eta bide horretan lagundu nahi duten guztiei irekia dagoela azpimarratu dute Galder Gonzalez eta Inhar Olano mugimenduko kideek. «Pertsona batek, bere auzoan kartelak pegatu nahi baditu, hori bakarrik egin nahi badu ere, eta ez badauka astero bileratan ibiltzeko gogorik, pertsona hori ere hurbiltzea nahiko genuke. Jende pila bat dago ez daukana asteroko bileretara joateko gogorik, baina badaukana zerbait egiteko gogoa eta horiek ere lekua dute. Denak dauka lekua. Baten batek, poesia irakurri, Santa Barbaran zintzilikatu, dantza egin, edo sinadurak bildu nahi baditu, ongi etorria izango da». Bakoitzak daukan disposiziora moldatzen den mugimendua dela argi utzi dute. Eta horretarako mekanismoak jartzeko lanean dabiltza. «Oraingoz emaila daukagu (hernanira@gmail.com), baina joango gara gauza berriak sortzen. Internetek aukera asko ematen ditu. Leku fisiko baten bila ere bagabiltza. Garrantzitsua da lokal bat izatea jendeak nora jo izan dezan, gurekin hitz egin nahi duenean».
Urtebeteko ibilbidea
Mugimenduaren sorrera, joan den urtetik dator, Egin Dezagun Urratsetik. «Herrietan hasi ziren sortzen preso eta iheslarien aldeko herri bilguneak. Hernaniren kasuan, udaratik aurrera hasi ziren bilera batzuk egiten eragile batzuekin eta hainbat herritarrekin. Ondoren, batzar bat egin zen udaletxean eta azaldu zen jende pila bat; ez zen jende guztia kabitzen. Hori ikusita, pixkanaka joan ginen urtarrilaren 7rako lanketa bat egiten Biterin, bilera irekien bidez. Bileretara nahi zuenak azaltzeko aukera zuen eta nahi zuena planteatzen zuen. Beraz, lantzen hasi ginen, urtarrilaren 7ko manifa, kolosala izan behar zuena. Eta konturatu ginen astez aste jendeak jarraitzen zuela azaltzen. Antolatzeko beharra ikusi genuen. Hala sortu da, Herrira», azaldu dute Gonzalez eta Olanok.
Aurrez esan bezala, preso eta iheslarien aldeko bilguneak Hernanin bakarrik ez, Euskal Herri osoan sortu ziren eta guztia antolatzeko, nazio mailako Herrira sortu dela gaineratu dute.
Hernaniko Herrira, otsailaren 10ean aurkeztu zen Biterin.
«Presoen egoera konpontzea, gatazka konpontzeko bidean ulertu du jendeak»
«Udaletxeko batzarra sorpresa izan zen, baina adierazgarriena da hurrengo bileretara ere jendea azaldu egin zela», diote Herrirako bi kideek. «Jendea konturatu da orain dela momentua zerbait egiteko, gatazka konpondu nahi bada. Eta sentitzen du presoekin zerbait egiteko beharra. Presoen egoera konpontzea, gatazka konpontzeko bidean ulertu du jendeak. Eta gogoa dauka aurrera egiteko, ilusioa dauka, eta bide horretan pentsatu du, goazen gure aletxoa jartzera». Ikusten zuten jendeak ilusioa zuela, gauzak egin nahi zituela, baina falta zela erreminta bat edo gune bat. Eta hutsune hori betetzeko sortu da Herrira.
Garai berrian,
lan egiteko modu berria
Garai berri honi behar bezala erantzuteko, moldatu beharra ikusten zuten. «Garai berriak eskatzen du irekitzea, leku gehiagotara iristea, jende berriarengana iristea, harremanak lantzea, ahoz ahoko lana, beste kolektiboekin biltzea…». Hori horrela, lan taldeak sortu dituzte. Bost lan talde daude: Informazioa, Harremanak, Komunikazioa, Ekimenak eta Elkartasuna. Horiek guztiak koordinatzeko, berriz, Koordinazio talde bat ere badago. Horien berri eman zuten Biteriko aurkezpenean, besteak beste.
Datuak biltzen,
informazio sarea sortzeko
Aurkezpen egunean, jendearen emailak eta kontakturako datuak ere bildu zituzten eta oraindik ere, zeregin horretan ari dira, informazio sarea sortzeko asmoz. Azaldu dutenez, 60 bat lagun daude lan taldetan izena emanda eta beste email mordoa ere badituzte. «Eta oraindik aukera haundia dago gehiagora irekitzeko», diote. Interesatuek helbide honetara bidali ditzakete datuak: hernanira@gmail.com.
Denen artean erabakita,
jendea gehiago inplikatu
Erabakiak denen artean hartzeak bere zailtasunak badauzkala azaldu dute, baina alde positiboa baduela. «Elefante batek indar haundia dauka, baina kosta egiten zaio mugitzea. Baina horrela nahi dugu lan egin. Ikusten dugu horrela badaukala alde positiboa. Jende gehiago inplikatzen da, gustorago egiten du lan, ez da deskolgatzen, ikusten du bere erabakia dela egingo dena».
Orain, lehentasuna,
muturreko egoerekin
bukatzea
Koordinazio taldea, San Joanak bitarteko egutegia osatzen ari da eta tarte honetan, muturreko egoerei irtenbidea ematea da Herrira Mugimenduaren lehentasuna: gaixo larriak eta kondena betea daukaten presoak askatzea, sakabanaketarekin amaitzea, isolamendua, bakartzeak…
Azken ostiralak eta maiatza bitarte hainbat ekimen, eskuartean
Egutegia guztiz zehaztu ez arren, hainbat ekimen baditu eskuartean Herrirak, maiatza bitarte. Orokorrean, hilabeteko azken ostiralak indartu nahi ditu eta martxoan, gaixo larrien inguruan zentratuko da. Horrez gain, Hernaniko 10 gazteren aurkako epaiketa izango da apirilean zehar eta hori ere badu kezka iturri: «ez da Herrirari bakarrik dagokion gai bat, Hernani guztia inplikatu behar da», gaineratu du. Maiatzean, berriz, Elkartasun Astea eta Plazak bete ekimena landuko dituzte. Azken horrekin, Bilbon lortu zen argazkia lortu nahi da, herriz herri, oraindik ere jende gehiago bilduz. yy
Bost lan talde eta Koordinazio taldea
Informazioa: talde honen zeregina da, preso eta iheslarien informazioa lortzea, lehenengo eskutik, eta bueltako bidean, hemengo informazioa ematea. Email bat daukate eta bisitetara joaten den jendeak edo telefono deiak dauzkan jendeak zerbait berria baldin badaki preso baten inguruan, bertara bidali dezake informazioa:
hernanira@gmail.com.
Bilerak: asteazkenetan, 18:00etan, Biterin.
Komunikazioa: Herrirak egingo dituen ekintza guztiak herritarrei zabaltzeko ardura izango du. Bere betiko lanak izango ditu eta baita erronka berriak ere. Betikoak: kartelak, pankartak… Erronka berriak: boletin antzeko bat sortzea, web gune bat egitea…
Bilerak: asteartetan, 19:00etan, Biterin.
Elkartasuna: Batez ere, dirua lortzeko zeregina izango du talde honek, presoen beharrei aurre egiteko: asistentzia juridikoa (abokatuak…), osasun asistentzia… 27 presorekin, elkartasun talde indartsua behar dela azaldu dute, bai dirua lortzeko bai denerako.
Bilerak: asteazkenetan, 19:00etan, Biterin.
Harremanak: Herriko beste eragileekin harremanak egin, mantendu eta sendotzeko taldea izango da. «Oso garrantzitsua da harreman hauek izatea beste jende batengana iristeko, beste sektore batzuetara iristeko», diote.
Bilerak: astelehenetan, 19:00etan, Biterin.
Ekimenak: Egun seinalatuak antolatzeko zeregina izango du. Esaterako, Elkartasun Eguna. Horrela, hori antolatzeko beste talde guztiek ez dute gelditu beharrik izango. Hilabeteko azken ostiralak indartzeaz ere arduratuko da.
Bilerak: asteazkenetan, 19:00etan, Biterin.
Koordinazio taldea: Talde honek beste talde horiek koordinatuko ditu. Eta noizean behin asanblada, batzar irekiak deituko ditu.
Bilerak: astelehenetan, 19:00etan, Biterin.