Hernaniko 40 bat lagun izan ziren Martuteneko kartzela aurrean, joan den ostegunean, Pakito Lujanbiori babesa ematen. Lujanbiok astebete egin du Martuteneko espetxean, anaiarekin bisabis bat egiteko ekarri baizuten bertara. Hernaniko euskal preso politikoari animo oihuak egin zizkioten, eta salatu, aspaldi kartzelatik kanpora egon behar zuela. Pakitok berak eskatuta lortu du bisabisa. Otsailaren 11n Herreratik abiatu eta otsailaren 17an iritsi zen Martutenera, Valdemoro, Burgos eta Langraitzeko espetxeetan pasata. Ostiralean Martutenera iritsi, eta astearte honetan egin du ordubeteko bisabisa. Atzo, berriro eraman zuten Herrera de la Manchara. Pakitok ia 28 urte daramazki kartzelan, eta 32 urte Hernanitik kanpo. Ostegunean, espetxe aurrean hernaniarrek egindako elkarretaratzean, honako bertsoa entzun ahal izan zen, Nekane Miner hernaniarrak egina:
Hona etorri gera
Hernaniko batzuk
bihotzez Pakitori
bidaltzera muxuk.
Eutsi goiari tinko!
Beti bezala zuk,
nahiz aspaldi behar zenun
gure artean lagun.