Deriva Errant eta Jon Ansorena; goi mailako kontzertua gaur

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 24a, 01:00

Talde kataluniarrak gralla herri musika-tresna ekarriko du gaurkoan, eta aurretik Jon Ansorena txistulari hernaniarra arituko da. 20:00etan, Biterin.

Catalunya-Euskal He­rria: Herri Musika, Goi Mailan. Izen horixe jarri diote antolatzaileek gaurko kontzertuari. Sa­rrerak geratzen dira oraindik, eta Biterin bertan erosi daitezke, 7 euroan. Jordi Mestres eta Pere Olivé kataluniarrek osatutako Deriva Errant taldeak gralla eta perkusio kontzertua eskainiko du, eta aurretik, Jon Ansorena txistulari hernaniarra arituko da. Guztiak, goi mailako musikariak dira. Txistua izan zen Europako goi mailako musika ikasketetan sartu zen lehen herri musika-tresna, eta grallak ibilbide bera egin du.

Gralla, dultzainaren familiako musika-tresna
2007. urtean elkartu ziren Jordi Mestres eta Pere Olivé musikariak, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC). Gralla eta perkusioa uztartuta osatu zuten Deriva Errant taldea. Gralla da kataluniako herri musika-tresna tradizional bat, Euskal Herriko dul­tzainaren familiakoa. Bi mingain dituen soinu-tresna katalan hau oso lotua dago kaleko musika tradizionalari. Gaur, tradizioa baino harago joango dira, hala ere. Tinbal eta gralla duoarekin batera, espresuki sortutako lanak entzun ahal izango dira gaur. Horrela, aukerak zabaldu dituzte eta grallaren esparrura perkusioa hurbil­tzea lortu. Herri soinu-tresnekin kodigo berriak probatu, eta publiko zabalagoa erakarri nahi dute horrela.

Jon Ansorena
Kontzertuaren hasieran, Her­nani’n Musik ekimenaren helburuetako bat betetzeko asmoarekin, musikari gazte hernaniar bat entzuteko aukera izango da: Jon Ansorena Mujika txistularia, hain zuzen. Jon Ansorena Hernani Mu­sika Eskola Publikoan hasi zen txistua ikasten, Iñaki Egu­ren irakasle zuela. Ondoren, Donostiako Francisco Es­cu­de­ro Kontserbatoriora jo zuen erdi mailako ikasketak egitera, Kepa de Miguelen gidari­tzapean. Hainbat sari jaso ditu Ansorenak. Hernanin 2005az geroztik ospatzen den Euskal Herriko Gazteen Txistulari txapelketan adibidez, bitan jantzi du txapela. Gaur egun, Donostiako Musikenen goi mailako txistu ikasketak egiten ari da, Aitor Amilibia irakaslearekin. Gaur­ko kontzertuan Amilibia bera izango du lagun.

Hurrengoa, ‘Faust’ filma
Hernani’n Musik ekimenaren barruan, hurrengo emanaldia martxoaren 23an izango da. F. W. Murnau-ren Faust film mutua ikusi, eta The Silent Band taldeak zuzenean jarriko du musika.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!