Larunbat gauetan lanik ez egitea erabaki dute Garayar SA enpresako langileek, bihartik hasi eta apirilaren 28ra arte. Garayarreko langileek Kronikari adierazi diotenez, batez ere txotx denboraldian sortzen diren arazoek ez diete uzten beren lana behar den kondizioetan egiten. Hori da arrazoi nagusia, «beste arazo batzuk» badirela azpimarratu arren.
«Gero eta arazo
haundiagoa dugu»
Garayarreko langileek greba egitea erabaki zuten otsailaren 11n egindako bileran. «Arazoa konpontzen ez, okertzen ari da, eta publiko egiteko erabakia hartu dugu». Arazoa larria dela diote langileek, eta urte asko daramazkitela egoera hori salatzen. «Txotx denboraldian sortzen zaigu arazorik haundiena, eta oso baldintza txarretan egin behar izaten dugu lan. Gaueko turnoa arazo larri bihurtu zaigu, eta batez ere horregatik erabaki dugu larunbat gauetan lanik ez egitea».