1.549.463 euro; garai bateko 250 miloi pezeta, gutxi gorabehera. Ez da nolanahiko broma Hernanin tokatu den saria. Bonolotoko saria da, eta Elkano tabernan seilatu zuten (66.015 ofizina; Hernanin 6 ofizina daude). Hiru hilabeteko epea dauka sarituak boletoa aurkezteko, eta banku baten bidez egin dezake, edo Donostiako Delegazioko bulegoetan (Alfonso VIII kalean).
4 euroko apustua
Elkano tabernan gustora daude bertan seilatu delako Hernanin inoiz tokatu den saririk haundienetakoa. Jose Manuel Vazquez nagusiak Kronikari adierazi dionez, «ilusioa banatzeak» sekulako poza ematen die. Vazquezek dio, seguru asko ez dela jakingo zeini tokatu zaion saria. Dakiguna da, 4 euroko apustua egin zuela, eta asteko boleto bat dela saria jaso duena: «bi kolumnako apustu sentzilo bat egin zuen, eta makinak automatikoki jarritako konbinazioa da, ez da eskuz egindakoa». Horixe da oraingoz dakiguna, eta seguru asko, jakingo duguna... Goza dezala, zortedunak.