Astelehenean hasi ziren arrantzaleak berdelak harrapatzen, eta asteartean iritsi ziren lehendabizikoak arrandegietara. Pieza politak ikusi zitezkeen atzo Hernaniko arrandegietan, eta jendeak jada erosi ditu lehendabizikoak. «Berdel ona iritsi da lehendabiziko egunetan, eta ondo ari gara saltzen» dio Amaia Etxarrik, Hernaniko Amaia arrandegiko jabeak (Kardaberaz kalea).
Jendeak nahi izaten du kanpainako arraina erosi, oso gertu harrapatzen delako, eta hurrengo egunetan arrandegietan izaten delako. «Kanpainan harrapatzen dutena oso freskoa izaten da; bezperan harrapatua».
Prezioa lonjan:
1,15-1,45 euro kiloa
Lehendabiziko egunetan 1,15-1,45 euro egin ditu kiloak lonjan, eta prezio hori jaitsiko dela diote, kanpainak aurrera egin ahala. Hernaniko arrandegietan 4-7 euro artean saldu dute lehenengo bi egunetan. Diferentzia hori normala izaten da, bitartekari eta gastu gehigarriak izaten dituztelako arrandegiek.
Azkar bukatuko da
aurtengo kanpaina
Berdelaren kanpaina 2-3 astetan bukatuko da aurten, seguruenera. «Arrain urdina da, osasunerako ona, eta gero eta preziatuagoa da jendearen artean», dio Etxarrik. Arrantzaleak keja dira, arrain gutxi arrantzatzen uzten dietelako. Guztira 19.000.000 kilo arrantzatu litezke Kantauriko uretan. Hori da aurtengo kupoa, eta lehendabiziko egunetan 2.000.000 inguru harrapatu dituzte.
Kostatik oso gertu ari dira berdela harrapatzen, eta oso ondo saltzen da berdela. Horregatik, gero eta interes gehiago dauka era guztietako arrantzaleen artean. Hiru modutara arrantzatu liteke berdela: arrastrean (kupoaren hirutik bat), zerkoan (beste hirutik bat), eta amuarekin (hirutik bat). Guztira, 300 barku inguru ari dira arrantzan (euskaldunak, kantabroak, asturiarrak, eta galiziarrak). Orain arte arrastreko barku gutxik arrantzatu du berdela, baina aurten asko ari dira, arrantzaleek esan dutenez. Horregatik, kupoa berehala bukatuko dela adierazi dute.
Martxoan, antxoa
Hiru kanpaina nagusi izaten dira urtean: berdela, antxoa eta hegaluzea (bonitoa). Berdelarena martxoan bukatuko da, eta ondoren antxoa arrantzatzen hasiko dira, ekaina bitartean.
Arrantzatu litekeen kopurua: 19 miloi kilo
Kantauri hego-ekialdean 19.000.000 kilo berdel arrantzatu ditzakete aurten arrantzaleek. Kupo hori
txikia dela diote arrantzaleek, eta horregatik, azkar bukatuko dutela kanpaina. Europar Batasunak jartzen du kupoa, eta zorrotz ari da bijilatzen, arrantzaleek diotenez. Zigor moduan jaitsi du kupoa EBak,
eta 2015era arte kupo hori mantenduko du, 2010ean behar baino gehiago arrantzatu omen zelako.