URA Agentziari eskatu diote mugitzeko, uholdeen kontrako neurriak hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 22a, 01:00

Lehendabizi eskatu dute sortu dadila batzorde bat, inplikatutako administrazio guztiak bilduko dituena. URA Agentziak 2007an egin zuen plan bat, Urumean uholde arriskua gutxitzeko. Hernani, Donostia eta Astigarragako udalek eskatu dute, plan hori lehenbailehen martxan jartzeko.

Hernani, Donostia eta Asti­ga­rra­gako Alkateek es­ka­tu dute mugitzen hasi be­ha­rra dagoela, Urumea ibaian uholdeen kontrako neu­rriak hartzeko. Horre­tarako, Ura Agentziari eskatu diote, sortu dezala batzorde bat, inplikatutako parte guztiak bilduko dituena, eta egin dezala deialdia lehenbailehen.

Luis Intxauspek, Juan Carlos Izagirrek eta Andoni Gartziak prentsa oharra bi­dali dute komunikabideetara, eta bertan azaltzen dute, Plan bat badagoela egina, 2007an, Urumean egin beharreko lanak zein diren zehazten duena. Plan hori Ura Agentziak egina omen da, baina oraindik pausurik ez omen da eman. Gainera, azaldu dute, plan horretan badirela kontuak berriz aztertu beharrekoak.

Batzorde bat, lehenbailehen
Azaroan izandako uholdeen ondoren, erabaki zen, batzorde bat sortzea, eta hiru Alka­teek ez dute ulertzen zergatik ez den sortu oraindik. Batzorde horretan parte har­tu beharko luketenak hauek lirateke: Eusko Jaurlaritza (Ura Agentziaren bitartez), As­tigarraga, Donostia eta Hernaniko Udalak, Añarbe Manko­munitatea, Gipuz­koa­ko Diputazioa, Kantau­ri­ko Ur Konfederakundea eta In­gurumen Ministerioa.

Urumea Plana, uholdeen kontrako neurriak
Batzorde horren eginbeharra litzateke, Urumea Plana mar­txan jartzea. Plan hori 2007an egin zuen Ura Agentziak, eta bertan zehaztuta daude pausuak, egin beharrak, ekin­tzak... uholdeei aurre egiteko. Plan horretako oso gauza gutxi egin dira oraindik, eta hiru Alkateak keja dira. Plan hori hartu eta prioritateak jarri beharko lirateke, zein ekintza egin behar diren lehenengo, eta zein ondoren. Eta finantziazioa nola egin ere hitz egin behar dela diote.

Hiru Alkateak beldur dira, Batzorde horren gainetik teknikoek ez ote dituzten erabakiak hartuko, eta diote, prioritateak batzordeak jarri beharko lituzkeela. Horre­ta­ra­ko, zeinek zer egingo duen erabaki behar dela diote, eta noiz, eta koordinazioa nork eta nola egin behar den. Gainera, uholdeen datu base his­torikoa eskatu diote Ura Agentziari, horrek erakutsiko baitu uholdeek non, noiz eta nola jokatu izan duten. Baita ere, 2007an egindako plana erre­bisatzeko premia dagoela diote, Urumea inguruan ordutik aldaketak izan direlako, edo zenbait puntu ez zirelako kontuan hartu, plana egin zenean.

Dena dela, plan horren oi­na­rriekin bat egiten dutela diote, eta martxan jartzeko ga­raia dela. Horretarako, orain sortuko litzatekeen ba­tzor­dean erabakiak hartu di­tza­keten ordezkariak bidal­tzeko eskatu diete alde guztiei.

Baserritarrek kalte ordainak eskatu dituzte

Azaroko uholdeetan kalteak jasan zituzten baserritarrek kalte ordainak eskatu dituzte berriz ere. ENBA sindikatuak astelehenean salatu zuen, administrazioek ez dutela erreakzionatu, eta lehenbailehen diru-laguntzak emateko, udaberriko uzta prestatzeko behar beharrezkoa dutelako. Iñaki Goenaga ENBAko lehendakariak Gipuzkoako Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zien, Katastrofeetarako Fondoa martxan jartzeko, 300.000 euro dauzkatelako horretarako. Jarraipen mahai bat sortzea ere eskatu zuen Goenagak. Horrez gain, gizarte segurantzako 4 hilabeteko kuota ez kobratzea eskatu zioten Espainiako Gobernuari, «bolada horretan ez dugulako irabazirik izan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!