Ingurugiroaren zainketa azken urteetako eztabaida gaia izan da, herritarren gehiengoa omen dago honekin kontzientziatuta. Baina, kontzientziazio hori gure ekintzetan islatzen al da? Luma enpresak horretarako aukera bikaina eskaini die herritarrei. Jakina da kutsadura handiena eragiten duen alorretako bat garraioarena dela, eta horri aurre egin eta kutsadura ekiditeko asmoz, Hernaniko Luma enpresak moto elektriko bat sortu du: «Ingurugiroaren kutsadura eta kutsadura akustikoa ekiditen ditugu honela», dio Iñaki Santillana Luma enpresako marketing arduradunak. Hernaniko enpresak Gipuzkoako Robotiker bezalako beste zenbait enpresarekin batera, eta Formula Extemeko txapelduna den Ivan Silvarekin probak eginda gero, ekin zion proiektu honi, orain bost urte. Lehendik bazeuden moto elektrikoak, baina Lumako kideen ustez, ezaugarriak ez ziren egokiak: «Herritar guztiek eskura izateko moduko moto on bat sortu nahi genuen. Merkatuan bazeuden moto elektrikoak lehenago, baina oso garestiak ziren, edo zituzten ezaugarriak ez ziren behar bezalakoak gure ustetan; zenbait ez ziren oso erosoak gidatzeko garaian, beste batzuk arriskutsuak ziren bihurguneetan… Guk uste dugu biak uztartu dituen zerbait lortu dugula, ez da garestia eta ezaugarri egokiak ditu», dio Santillanak.
Scooterraren ezaugarriak
Ezaugarriak eta diseinua lantzen aritu dira urte luze hauetan. Gasolina erabiltzen duen 125 cc-ko Scooter baten parekoa da moto hau. Ezaugarri beretsuak ditu, eta Scooter baten erabiltzailearen beharrak asetzen omen ditu honek ere. «Egunerokotasuneko erabilerarako egokia da. Hirian aurrera eta atzera ibiltzeko ez dauka arazorik, eta gainera herritarrei enbarazu gutxiago egiten zaie, moto batek sortzen duen soinua ez baita atsegina zenbaitentzat» , dio Santillanak.
80 kilometroko autonomia du, hau da, kilometro horiek egin ostean bateria kargatu egin behar da. 80 kilometro horiek egun batean egiten diren bidaietarako nahikoak direla uste dute kideek, egunean pertsona batek motoan 30-80 kilometro inguru egiten dituelako. Baina nahikoa ez bada, edozein entxufe-sarreratara konektatu daiteke bateria hori kargatzeko. «Mugikor baten funtzionamendua du bateriari dagokionez, kalean ibili zaitezke honekin, eta etxera iristean, gauean, kargatzen jarri goizera arte», dio Iosu Alberdi Donostiako La Factory Racing-eko gerenteak. Edozein entxufe-sarreratan kargatu daiteke, aspiragailu baten entxufe bera du, eta, hala, edozein gunetan kargatzeko aukera izango du erabiltzaileak.
Bateria kargatzeko garaian, honek ez du guztiz hustuta egon behar nahita ez, baina guztia kargatzearen kostua 0,11 eurokoa dela azaldu dute arduradunek. Bateria hau 2.000 aldiz hustu daiteke guztiz eta berriro kargatu. Kopuru hori amaitzean bateria horrek moto bat pizteko adina indar eskaintzen ez duenez funtzionatzeaz uzten du. Baina bateria hori beste zenbait gauzatarako ere erabili omen daiteke. Moto bat funtzionatzeko adina indar ez izan arren, beste zenbait elementuk ez omen dute potentzia bera behar izaten, eta ondorioz moto hauetako bateriak birziklatu egingo dira ibilgailuek funtzionatzeaz uztean. Guztira 160.000 kilometro egiteko aukera ematen du gehienez moto honek.
5.350 euroko prezioa du, baina gaur egun industria ministerioak 1.120 euroko laguntza ematen die moto honen erosleei. Beraz, 4.216 euro balioko lituzke. Alberdik esandakoaren arabera, Scoopya da Donostian gehien saltzen den motoa, eta moto honen antzekoena da. Erosterako garaian, Scoopyaren prezioa 3.500 eurokoa da. Elektrikoak gehiago balio du, baina egunero erabiliz gero, urtean, 700 euro inguru aurreztu daitezkeela diote LUMAko kideek: «Datuak kontutan izanik, sei urte eta erdian aurreztu egiten da erosterakoan ordaindutako diru hori. Beraz, doakoa dela esan genezake!».
Scooterrarekin dituen
desberdintasun positiboak
Ohiko scooter batek dituen ezaugarriez gain bi ezaugarri ditu scooterrak baino hobeak direnak, Santillana eta honen kideen ustetan. Scooter batean azeleragailua askatzean, frenatzen ez baduzu, inertzian jarraitzen du. Moto elektriko honetan motorra llantan dago. Beraz, frenatzean azelerazioa geratzeaz gain, hau da, abiadura jaisteaz gain, bateria kargatzen du, %20ko bateria gehiago ematen dio motoari. Beste gauza berezi bat ere badu: Botoi jakin bati ematerakoan, abiadura haundienera pasatzen da, hau da, 0 kilometro ordutik, 80ra, 6 segundutan. Gehienez, 108 kilometro orduko abiadurara hartzen du.
Gainera, eguneroko beharretara egokitzeko sortu zutenez, eserlekuaren azpian bi kasko integralentzako lekua du, «espazio gehien duen moto elektrikoa da». Horrela lortu nahi dute beharrezkoa den guztia eramateko aukera izatea: »Gure ustez garrantzitsua da lekua izatea, 76 zentimetroko tartea du gauzak sartzeko, beraz luzea da eta ogi barra bat eramateko aukera ere badu».
Lumako kideek uste dute, hirian zehar ibiltzeko, halako motoak egokiagoak direla: norberaren ekonomiarako, mantenua merkeagoa duelako, ingurugiroari kalterik egiten ez diolako... Enpresako arduradunek aholkatzen dute asteburuetarako gasolinarekin funtzionatzen duen moto bat edukitzea, bidaia luzeagoak egin nahi direnean autonomia gehiago eskaintzen dutelako. Moto elektrikoa astean zehar erabiltzeko gomendatzen dute, «azken finean, horrelako moto batekin nahikoa da, eta inguruneari egundoko mesedea egingo dio».
Horretaz gain, ez dauka ohiko motoek behar duten mantenuaren beharrik; filtroak, olioa… Eta beraz, aurrezteko aukera izan daiteke. Elektrizitatean 100 kilometroko 0,63€ kontsumitzen dituela kalkulatu dute.
Ikusmin handia sortu duen produktua da. Lumako kideek uste dute jendea eszeptikoa dela gauza elektrikoen aurrean, baina baita ere, gizartean interes handia sortu dela. Horren ondorioz esperantza handia dute salmentan izango dute salmentari dagokionean: «Datozen urteetan Europako hirietan garraioaren %80, moto elektrikoak izango direla aipatu dute zenbaitek eta horrek zentzua duela uste dugu» azaldu digu, bukatzeko Santillanak. yy