Herri-musika tresnak izango dira protagonista Hernani’n Musik ekimenaren barruan antolatu den hurrengo kontzertuan. Kataluniatik etorritako Deriva Errant taldea eta Jon Ansorena txistulari hernaniarra entzuteko aukera izango da. Datorren ostiralean izango da zita, arratsaldeko 20:00etan Biteri Kultur Etxean. Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai, 7 euroan.
Gralla eta txistua,
bi herri-musika tresna
Ostiraleko kontzertuan Kataluniako eta Euskal Herriko bi herri-musikatresna entzuteko aukera izango da.
Batetik, Jordi Mestres eta Pere Olivé bikoteak osatutako Deriva Errant taldea arituko da. Kataluniako musika tradizionalari lotutako gralla musikatresna ezagutzeko aukera eskainiko dute, perkusioarekin lotuta. Gralla, mihi-bikoitzeko tresna da, oboeen familiakoa, eta beraz, Euskal Herriko dultzainaren familiakoa.
Deriva Errant bikotea osatzen duten bi musikariek, goi mailako musika ikasketak dituzte, eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan sortu zuten proiektua, 2007. urtean.
Bikote kataluniarraren aurretik berriz, Jon Ansorena txistulari hernaniarrak pieza batzuk eskainiko ditu.
Jon Ansorenak Hernani Musika Eskola Publikoan hasi zituen txistu ikasketak, Iñaki Eguren irakasle zuela.
Ondoren, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan egin zituen erdi mailako ikasketak, Kepa de Miguel irakaslearen gidaritzapean. Egun, Musikenen ari da goi mailako txistu ikasketak egiten. Aitor Amilibia irakaslea lagun izango du, ostiralean eskainiko duen kontzertuan.
Maila haundiko emanaldia
Txistua eta gralla, Europako goi mailako musika ikasketen planean sartuta dauden herri-musika tresnak dira. Ostiralean joko duten musikariak ere goi mailakoak izanik, maila haundikoa izango da emanaldia.