2003. urtean jarri zen martxan ekimena. Astean behin, ordubetez, binaka edo hiruko eta lauko taldeetan euskeraz mintzatzeko elkartzen dira. Taldeko bat laguntzailea izaten da, hau da, euskaldun zaharra, eta gainerakoak, euskaldun berriak edo euskera ikasten ari direnak. Helburua garbia da: euskeraz hitz egiteko ingurune bat sortzea, eta bertan parte hartzen dutenek euskeraz hitz egiteko lotsa gainditu eta ohitura hartzea.
Egun, 11 talde elkartzen dira astero. Horietatik 10 talde zuka hitz egiteko bil-tzen dira, eta bat hitanoa praktikatzeko. Parte har-tzaile gehienak hernaniarrak badira ere, urnietarrak eta donostiarrak ere badira.
Dagoeneko 40 pertsona inguru dira Gure Artean Euskaraz ekimenean parte hartzen dutenak, eta guztiek bi gauza nabarmen-tzen dituzte: laguntzaileen garrantzia eta hauek egiten duten bolondres lana batetik, eta euskera ikasten ari direnek egiten duten ahalegina eta jartzen duten borondatea, bestetik.
Laguntzaileak 11 dira oraingoz, talde bakoitzeko bat, eta euskera ikasten ari direnen borondatea ikusita, bultzada eta babes bat emateko asmoz animatu dira ekimenean parte har-tzera. Praktikatzera inguratzen direnak berriz, euskeraz aritzeko ohitura galdutakoak, edota euskaltegian euskeraz ikasten hasitakoak dira. Gehientsuenek bi arrazoi nagusi dituzte euskera ikasten aritzeko: seme-alabekin euskeraz hitz egiteko nahia batetik, eta lan kontuak direla eta, hizkuntza azterketa gainditzeko nahia, bestetik.
Ohiturak aldatzen
Bi urte dira jada, Rosa Sanchez, Marian Garcia eta Eli Igarzabal euskeraz mintzatzeko elkartzen hasi zirela. Flori del Canto berriz, aurten batu zaio taldeari.
Euskaltegian edota Dobera Euskara Elkartean, Gure Artean Euskaraz ekimenaren bitartez, ezagutu zuten elkar. Eli Igarzabal da taldeko laguntzailea, eta berak animatu du Flori taldean parte hartzera.
Eli, laguntzailea, izan ezik, guztiak dira euskaldun berriak. Rosak urteak daramatza euskera ikasten; hainbat ikastaro egin ditu, euskaltegira joaten da eta Lazkaoko Barnetegian ere izana da. Lehenengo perfileko azterketa gainditua du jada, eta bigarrena atera-tzeko asmotan dabil. «Lanean erabili ahal izateko ari naiz euskera ikasten, baita seme-alabekin hitz egin ahal izateko ere. Baina hasarretzean, nahigabe, oraindik gaztelaniara jotzen dut», aipatzen du.
Hala ere, Eliren esanetan, nabarmentzekoa da ohitura batzuk aldatzeko egiten ari den ahalegina. Izan ere, euskeraz hitz egiten duten lagunekin euskeraz egiten saiatzen da, eta erosketak egitean euskeraz egiten du lehenengo. Gertaera berezi baten berri ere eman dio Kronikari Rosak.
«Operazio baten ondoren, anestesiaren eragina oraindik erabat pasa ez zitzaidala, erizainak esnatzeko esaten zidan, gatelaniaz, baina nik, konturatu ere egin gabe, euskeraz erantzun nion».
Marian berriz, duela 4 urte hasi zen euskera ikasten, hizkuntza bera gusta-tzen zaiolako batetik, eta jendaurrean lan egiten duelako, bestetik.
Taldera batu den azkena da Flori. Euskaltegian ere ari da euskera ikasten, lehenengo mailan, baina belarria ia-ia egina du jada. Egun erretiratuta badago ere, logopeda da Flori, eta oraindik haur batzuekin egiten du lan. «Haurrei lagundu ahal izateko euskeraz jakitea garrantzitsua dela uste dut, eta horrexegatik hasi naiz ikasten». Bere ahaleginean, ohitura ba-tzuk aldatzen saiatzen ari da, eta orain, txakurrari ere euskaraz egiten dio. «Eta oso ondo ulertzen dit gainera».
Lagun giroan
Elkarrekin oso gustora daudela azpimarratzen dute laurek, «azken batean, lagun talde bat osatu dugulako».
Elik euskeraz idatzitako berriak ekartzen ditu, denon artean irakurri eta solaserako gaia jartzeko. «Baina hizketarako gaiak atera egiten dira bestela ere», dio. Rosak, Marianek eta Florik berriz, euskaltegian jartzen dizkieten ariketak eramaten dituzte batzuetan, sortutako dudak argitu nahian. «Izan ere, ikasitakoa erabili egin nahi dugu». Lan horretan, Eliren babesa eta laguntza goraipatzen dute.
Elik berriz, kontrakoa dio: «erderakada haundiagoak sartzen ditut nik ba-tzuetan, hain da garbia hauek erabiltzen duten hizkuntza!». Esperientzia honekin asko ikasten ari dela azpimarratzen du. Bere ustez, izugarria da euskaraz ikasteko eta ikasitakoa erabiltzeko jartzen duten borondatea. Horren harira, Rosak, asko harri-tzen duen gauza bat aipa-tzen du. «Nere hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzen ari naiz, bai haurrekin eta baita helduekin, eta ez dut ulertzen nola, batzuetan, haurrekin euskeraz ari-tzen den jendeak gaztelaniara salto egiten duen beren artean hizketan hasten direnean».
Bestalde, gauza batean guztiz ados daude denak: «lagun giro aparta sortu da gure artean, eta astero mintzapraktikarako elkar-tzeaz gain, hainbat ekintza egiten ditugu elkarrekin: pelikulak edota erakusketak ikustera joan, literatura solasaldietan parte hartu, bertso afarietara joan...».
Lotsa uxatuz
Miriam Peña duela bi hilabete hasi zen Joxpi Lasa laguntzailearekin biltzen, eta Raquel Gorjon batu berri zaie.
Ane Romuro eta Maribel de Castrok berriz, bi urte daramatzate Tomas Elorza laguntzailearekin elkar-tzen.
Bi laguntzaileen ustetan, askotan, euskera ikasten ari direnek ez dute ikasitakoa praktikan jartzeko gune egokia aurkitzen. Miriam guztiz ados agertu da: «niretzat zailena lotsa gainditzea da, eta askotan, kalean, euskeraz oso ondo ez zarela moldatzen ikustean gaztelaniaz egiten dizute, eta orduan, ez zara gehiago saiatzen».
Behin hasierako lotsa gaindituta, beste arazo ba-tzuk ere sortzen zaizkie. Gehienek bat egiten dute zailena zer egiten zaien onartzerako orduan: «aditz formak, gramatika, esaldia nola bukatu jakitea».
Baina laguntzaileen esanetan, konfidantza haundiagoa hartzeko balio die mintzapraktikarako elkar-tzeak, eta dagoeneko ez dira kikiltzen. «Nola amaitu ez badakite ere, saiatu egiten dira, ez dira ixilik geratzen, eta zerbait ez dakitenean, galdetu egiten dute».
Gainera, askotan uste dutena baino gehiago jakiten dute. Raquel Gorjon adibidez, ekimenera batu berria da, batez ere, «seme-alabekin euskeraz egin ahal izateko. Eta hasi berria izan arren, ohartu naiz, eskolako seme-alaben bileretan, ia guztia euskeraz egiten bada ere, ulertu egiten dudala».
Metodologia
Bi talde hauetan ere, lagun-tzaileek erabiltzen duten metodologia antzekoa da.
Egunkariak erabiltzen dituzte euskeraz irakurri eta solaserako gaiak sortzeko, edota jolasak erabiltzen dituzte. Hala ere, aurreko taldean bezala, gaiak berez sortzen direla nabarmentzen dute. Bestalde, Tomasek adibidez, garrantzia ematen dio eguneroko gauzak lantzeko ariketak egiteari. «Hau da, eguneroko bizitzan topa daitezkeen kasuak lantzen ditugu; norabaitera joan eta inprimaki bat bete beharra, adibidez».
Esperientzia ezinhobea
Gure Artean Euskaraz ekimenean parte hartzen duten guztiek oso balorazio positiboa egiten dute.
Laguntzaile lanetan aritzen direnek miretsi egiten dute euskeraz ikasten ari direnek egiten duten ahalegina eta jartzen duten borondatea, beren hizkuntza ohiturak aldatzeraino.
Euskera ikasleek berriz, eskertu egiten dute laguntzaileek ematen dieten babesa, izaten duten pazientzia eta Gure Artean Euskaraz ekimenak euskeraz aritzeko ahalbidetzen dieten ingurugiro aproposa.