Iban Gil entrenatzailea: «Taldean giro ona daukagu eta hori zelaian nabari da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 18a, 01:00

Hernanik Arizmendiren aurka jokatuko du gaur, 12:30etan, Zubipen. Igoera Faseko 4garren partidua dute. Hori horrela, Iban Gil entrenatzaileari, taldea eta denboraldiaren gainean galdetzeko aprobetxatu du Kronikak.

Igoera Fasea jokatzen ari da Hernani, beste behin ere. 1 mul­tzoan ari zarete eta 8 ekipotatik 6garren postuan zaudete partidu bat gu­txiago jokatuta. Zer moduz doa aurtengo denboraldia? Zer balorazio egiten duzu?
Urtea ondo doa, esperotako gora beherekin, baina ondo. Balorazioak urte amaieran egin beharko dira, baina printzipioz, urte hasieran markatutako helburuak poliki - poliki betetzen goaz.

Denboraldi hasieran Kronikari azaldu zenion taldea gaztea zela, ia erdiak kadeteak zirela eta baja garrantzitsuak egon zirela. Helburua, hasiera hartan, taldea maila berrira egokitzea zen. Talde lana eta giro ona lortzea ere garrantzitsua zela esan zenuen. Lortu al dituzu helburu horiek?
Horretan gaude, taldeko gaztetxoenak beraien lekua aurkitzen ari dira, geroz eta hobeto moldatzen gara partiduak irakurtzeko garaian eta lasaitasun haundiagoz joka­tzen dugu; momenturo zer egin behar dugun geroz eta argiago dugu. Hala ere, normala den bezala, noiz behinka, hanka sartzen dugu.

Nesken entrenatzaile bezala, lehenengo aldia izan da zuretzat. Zer moduzko esperientzia ari da izaten? Gustora al zaude?
Ona. Oso gustora nago. Orain arte futbolean izan ditudan esperientziekin zer ikusirik ez dauka. Nik uste bi aldeetatik egokitzapen prozesu bat egon dela eta azkenean ondo moldatu garela bai taldea nirekin eta baita ni beraiekin ere. Taldean giro ona daukagu eta hori zelaian nabari da.

Emakumezkoen Ligan, nolako maila dago orokorrean? Zeintzuk dira talde indartsuenak? Hernani non kokatuko zenuke?
Emakumezkoen Ligan maila oso desberdina duten taldeak daude, alde nabaria aurki dezakegu punta-puntan dabiltzan taldeen eta sailkapenaren azken postuetan daudenen artean. Hala ere, aldea 3 edo 4 jokalarik markatzen dute eta hauetako baten bat faltaz gero, asko orekatzen dira taldeak. Talde indar­tsuenak Zarautz, Ariz­men­di, Beasain, Mariño, Tolosa, Intxaurdi eta Añorga dira. Hernani multzo honetan sartuko genuke.

Esan bezala, igoera fasea joka­tzen ari zarete. Igotzea, zaila ikusten da, baina zein da zuen erronka?
Denboraldi hasieran esan bezala, taldeak poliki - poliki lehiatzen ikastea eta partiduei aurre egitea da. Gaur egun arte, ez dugu ikusi nabarmen, gu baino hobea den talderik, eta gauzak ondo eginda oso zaila da gu gaindi­tzea. Oso gol gutxi jasotzen ditugu, bai lehenengo fasean eta baita bigarren honetan ere, gol gutxien jasotzen duen taldeetarikoa gara, baina alde ere gutxi egiten ditugu, eta arlo horretan ari gara lanean.

Gaurko partiduari begira, Arizmendiren aurka jokatuko duzue, laugarrenaren aurka. Nolako partidua espero duzue?
Partidu gogorra eta borrokatua espero dugu, gure ustetan Arizmendi talde fisikoa izango da eta indar haundiz jokatu beharko dugu, inten­tsitate haundiz. Egia esan, taldeen zozketarekin ez dugu zorte haundiegirik izan, gure multzoa bestea baino zailagoa eta maila altuagokoa dela uste dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!