Hiru aktore hernaniar Antzerki Zikloan

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 18a, 01:00

Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Vito Rogado aktore hernaniarrak asteartean eta ostegunean antzeztuko diren obretan ikusiko ditugu.

asteartetik ostegunera bitartean, hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Biteri Kultur Etxean. Hiru antzezlan horietatik bitan, hiru aktore hernaniar arituko dira lanean: Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Vito Rogado. Lehen biak, asteartean eskainiko den Wilt antzezlanean ikusi ahal izango ditugu, Isidro Fernandez, Aitziber Garmendia, Koldo Losada eta Fernando Ruizekin batera. Henry Wilt izeneko gizona da protagonista eta bere bikotearekin dituen arazoak landuko dira bertan, euskaraz. Asteazkenean, Bodologuak obraren txanda izango da. Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu aktoreek, boda batetik ateratakoan, euskal umorea landuko dute, euskaraz, bakarrizketa eta elkarrizketa moduan. Azkenik, ostegunean Amanda Tevé obra ikusi ahal izango da. Bertan, Vito Rogado aktore hernaniarra Loli Astoreka, Sol Maguna, Gemma Martinez, Yolanda Martinez eta Maribel Salasekin batera arituko da. Amanda izeneko telebista aurkezle arrakastasua da protagonista, eta telebista kate batean izaten diren gorabeherak kontatzen dira bertan, gaztelaniaz. Antzezlan guztiak ilunabarreko 20:00etan hasiko dira. Sarrera guztiak agortuta daude jada.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!