Larrialdi egoeran laguntza eskatzeko tresna eskatu dezakete adineko pertsonek

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 16a, 01:00

Zerbitzu honekin bilatzen da bizi kalitatea hobetzea eta adineko pertsonak autonomia eta lasaitasuna izatea. Eskaerak, Ongintzan eta Ereñotzuko Auzo Udalean: 943557854 eta 943551000.

ongintzak eta Ereñotzu­ko Auzo Udalak, telelagun­tza zerbitzua barneratu nahi du Hernaniko adineko per­tsonen artean, eta horregatik, 523 eskutitz bidali dizkie, 70 urtetik gora dituzten eta etxean bakarrik bizi diren adinekoei. Telelaguntza sistema botoi bat duen tresna txikia da, botoia sakatuz gero, zuzenean SOS-Deia­kekin konektatzen duena. Sistema honekin, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea bilatzen da, lasaitasuna emateaz gain, autonomia ere irabazten baitute.

Eskumuturrean edo lepotik zintzilik jartzeko tresna
Telelaguntzako tresna txikia da, eta eskumuturrera lotuta edo lepotik zintzilik jarrita eraman daiteke. Hala, adineko pertsonek larrialdiren bat izanez gero, momentuan izan­go dute bertan duen botoia sakatzeko aukera. Botoiaren beste aldean kasu egingo dion profesional bat egongo da, urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan. Horretarako prestatutako hainbat langile daude Telelaguntza zentralean: larrialdietarako laguntza eta zerbitzuak; arreta psikosoziala; laguntasuna; egoeraren jarraipena; laguntza sozialeko baliabideei buruz informazioa eta orientazioa... Ongintzatik azaldu dutenez, telelaguntza sistemari esker, adineko pertsonek bere buruari laguntzeko aukera izango dute, eta hala, izan dezaketen kalteei aurre hartuko diote. Zerbitzua izateagatik ordaindu egin behar dela ere, azaldu du Ongintzak: 4 euro ordaintzen da, hileko.

Familiarentzako ere, lasaitasuna
Adineko pertsonaren lasaitasunaz gain, familiarena eta ingurukoena ere ziurtatzen du zerbitzuak. Izan ere, zerbitzuak modu independientean bizitzen laguntzen dio adinekoari, baina jakinda, laguntza behar badu, momentuan izango duela botoiaren beste aldean.

Eskaera egiteko, Ongintzan eta Auzo Udalean
Sistema eskatu nahi dutenek Ongintzara edo Ereñotzuko Auzo Udalera jo behar dute: 943 55 78 54 edo 943 55 10 00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!