Kirol talde askoren nortasunaren zati bat izaten da himnoa, momentu on eta txarretan, animatzeko balio duena. Hori falta zitzaien Hernaniko errugbi eta futbol taldeei, baina gabezia hori ez dute denbora askoan izango. Futbol taldea hirugarren mailara igo berri da, eta errugbi taldeak berehala jokatuko du maila gorenera igotzeko play offa; gainera, bi urte barru ospatuko dute 50garren urteurrena. Hori aprobetxatuta, Imanol Kamiori eskatu diote himnoa egiteko, eta nola ez, gustu haundiz egin die honek letra eta musika.
Bi zati dituen himnoa
Imanol Kamiok azaldu bezala, musikalki, himnoak bi zati oso ezberdin ditu. Hasierakoa serioagoa dela dio, batez ere, armoniari eta melodiari dagokionean. Zati honetan, letra ez da klubari buruzkoa bakarrik, Hernani herriari buruz eta honen ezaugarriei buruz ere hitz egiten du. Aurreneko zati honek zazpi paragrafo ditu, eta paragrafo bakoitzak gai bat lantzen du: Hernani herria; bi taldeen koloreak; kirolariak eta zaleak; Hernani, gainerako taldeen iturria; herri kuttuna eta eskuzabala; guztion aberria...
Bigarren zatian, erritmoa eta estiloa guztiz aldatzen dira. Bi taldeek nahi zuten melodia bat da protagonista, Hernanin oso ezaguna dena. Helburua da, himnoa zati honetara iristen denean, herritar guztiek hartzea parte. Letrak, horrela dio: Hernani beti beti Hernani, Hernani beti aurrera, ez dago beste holako talderik Euskal Herri guztian.
Bihar
grabatuko dute
Asko dira himnoa egiterako orduan parte hartu dutenak: ahotsa, Kantuz, Goiz Eguzki, Ozenki eta Umore Ona abesbatzek jarri dute; tekniko lanetan Pello Gorrotxategi eta Xabier Valle de Lersundi aritu dira; Jorge Patxekok perkusioaren grabazioan hartu du parte; eta Jon Elizaldek grabatu du Tuba.
Nahikoa entsaiatu ostean, bihar dute guztiek, egun haundia, grabazio eguna.
Aurkezpenak martxoan,
futbol eta errugbi zelaietan
Aurkezpena, martxoaren 10ean egingo dute, arratsaldeko 16:30etan, Zubipen. Eta errugbi elkartearen zelaian, Landaren, martxoaren 18an kantatuko dute, 12:00etan; play offeko bueltako partidua jokatuko denean.