zein arrisku sor ditzake ondo ez kontsumitzeak? Zeintzuk dira zerbait erosterakoan ditugun eskubideak? Galdera horiei erantzuteko arazorik ez dute izango datorren asteko jardunaldietan parte hartzen duten adineko pertsonek. Ongintzak eta Goiz Eguzkik antolatu dituzte elkarlanean, Kontsumoko Euskal Institutuarekin batera. Helburua da, adineko pertsonei nola kontsumitu erakustea.
Bi hitzaldi eta bi tailer, teoria eta praktika lantzeko
Jardunaldiak lau egunekoak izango dira, otsailaren 20tik 24ra, eta Goiz Eguzkiko egoitzan izango dira: bi hitzaldi, bi tailer eta irteera.
Antolatu dituzten bi hitzaldi eta tailerrek zerikusi zuzena dute elkarrekin, alde teoriko eta praktikoa lantzeko aukera eman nahi baitute.
Bidaiarien eskubideak zeintzuk diren azalduko du Lidia Barrio abokatuak aurreneko hitzaldian. Otsailaren 20an izango da, 17:00etan. Hilaren 21ean berriz, gai honen inguruko tailer praktikoa egingo dute, ordu berean, Begoña Olabarrietarekin.
Bigarren hitzaldian hitz egingo dute ohiko salmenta dendetatik kanpo erosten diren produktuez, hau da, internet, telebista edo beste lekuren batetik erosten direnei buruz. Horrez gain, mirari produktuez ere ariko dira, hala nola, argaltzeko pilulak, zimurrak kentzeko kremak... Hitzaldia Maddalen Rivasek emango du, eta otsailaren 22an izango da, 17:00etan. Bi gai hauei buruzko tailer praktikoa berriz, hurrengo egunean izango da, hilaren 23an, 17:00etan eta Begoña Olabarrietak emango du, baita ere.
Cristina Eneara, irteera
Azkenik, Cristina Enea Fundaziora joango dira, jardunaldiko azkeneko egunean, hilaren 24an. Goizeko 10:00etan aterako dira eta 50 pertsonentzako lekua dago.