Otsailean egiten ari den eguraldi petrala ez da nonbait traba haundia Zigor Iturrietarentzat, eta hala erakutsi du beste behin. Beste bederatzi lagunekin batera, Gipuzkoako itzulia egitea aurreikusia zuen otsailaren 5ean, eta pronostikoei kasu askorik egin gabe, hasi eta bukatu egin zuen. GR121 da ofizialki itzuliaren izena, eta osoak, 301 km ditu. Iturrietak Hondarribiatik Mutrikurako bidea egin zuen, 85 kilometro guztira.
Durangaldea lehendabizi, Gipuzkoakoa ondoren
GR izena dute Zigor Iturrieta egiten ari den itzuliek. Durangaldeako itzulia izan zen egindako aurrenekoa, 95 kilometrokoa; eta hura probatuta, Gipuzkoakoarekin hastea erabaki zuen, nahiz osoa ez egin «denbora faltagatik, noski», dio berak. Hiru arrazoi izan ziren, pausu hau ematera bultzatu zutenak: «batetik, etxetik gertu geratzen zitzaidan, eta mugitzeko denbora asko ez dudanez, hala erabaki nuen. Bestetik, Bilbora dijoan trenaren ibilbide berdina jarraitzen du, eta laguntzera animatu zen jendeak etxera trenez itzultzeko arazorik ez zuen. Eta azkenik, arrazoi garrantzitsuena izan zen, ibilbidearen edertasuna. 85 kilometro dituen ibilbide honek mendiko eta kostaldeko edertasuna batzen ditu, kresal usaina gure baso eta mendiekin nahasten da».
«Abiatu ginen momentuan, kristona ari zen botatzen»
Ibilbidea goizeko 08:45etan hasi zuten, Hondarribiako portutik, berak, eta bederatzi lagunek: «kristona botatzen zuen irteerako momentuan. Normalean arrantzaleak egoten diren tokian elkartu ginen gu, malla, camelbak eta mendiko zapatilak soinean genituela».
Hondarribiako portutik Jaizkibelgo Talaia bidea hartu zuten, Pasaiara iristeko asmoarekin. Txalupan pasa ziren beste aldera, eta Uliako itsas magaletik Groseko hondartzara jaitsi ziren. Momentua xelebra izan zela dio Iturrietak: «1,63 neurtzen dut nik, eta Donostia guztia, alderik alde, 1,90 neurtzen duen arraunlari batekin egin nuen. Turistek eta kaleko jendeak harrituta begiratzen gintuzten, lokatzez beteta joatea ez baitzen oso normala».
Ondarretako hondartzan Igeldoko bidea hartu zuten, Oriora iristeko. Bertan, pintxo pare bat eta garagardo bat hartu, eta txakolin mahasti artean, Zarautz pasa eta Zumaiara iritsi ziren: «Flysch-a ikusiz igaro genuen Zumaia, eta momentu horretan, gertu ikusi genuen helburua: Mutriku».
Debako jaitsiera eginda, eta Kalbaixua mendia igota iritsi ziren Mutrikura Hondarribiatik; egun berean, 85 kilometro 9 ordutan eginda.
Batak bestea dakar
Gauza batek bestea dakarrela esan ohi da, eta gauza bera gertatu zaio Iturrietarai GR itzuliekin: «ume batek bezala disfrutatu nuen, eta desiatzen nago hurrengoa egiteko». GR5a da Iturrietaren hurrengo helburua, hau da, Kataluinako buelta. Apirilean egitea aurreikusten du mendi lasterketariak. Ondoren, beste hiru gehiago egitea du amets: Madril, Picos de Europa eta Aragoiko pirineoak.