Adarraga Memoriala jokatu zen atzo, Landare errugbi zelaian eta Gipuzkoako Kros Labur Txapelketan, nagusien mailan, Walid Ouaalit izan zen azkarrena, 12.59ko denbora eginda. Iaz, azpitxapeldun geratu zen Ouaalit. Denborari dagokionez, iaz baino minutu 1 eta 41 segundo gehiago behar izan zituen atzo, lurra ez baitzegoen egoera onenean. Emakumezkoetan, berriz, Rakel Aperribai izan zen bizkorrena, 16.08ko denborarekin.
Hernaniarrei dagokienean, helmugaratzen lehenengoa, Jose Luis Del Sol izan zen. Sailkapen orokorrean 17garrena izan zen eta bere mailan, beteranoetan, 10garrena. 15.33ko denbora egin zuen.
Eider Aldabe izan zen lehenengo emakumezko hernaniarra. Emakume guztien artetik 4garrena izan zen, 19.13ko denborarekin. Beste bi hernaniarrek ere hartu zuten parte: Idoia Esnaolak eta Jose Mari Muruak. Esnaola 4garren geratu zen bere mailan eta Murua 15garren.
Naiara Mouriñok, zilarra
Kadete, junior eta jubenil mailan ere Kros Labur Txapelketa jokatu zen eta kadeteetan, Naiara Mouriño hernaniarrak zilarrezko domina lortu zuen.
Eskolartekoan, txukun
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa ere jokatu zen alebin eta infantil mailan eta azken horretan, mutiletan, Hernani izan zen taldeka, puntu gehien lortu zuena, Manex Iradi, Enaitz Larrañaga, Ander Amonarraiz eta Eneko Ortiz de Luzuriren lanari esker.