Maitasuna, euskal umorea eta telebista mundua, Antzerki Zikloko hiru gai nagusiak

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 12a, 01:00

Hiru antzerki saio eskainiko dira Biterin, datorren astean. Udalak antolatu ditu, Antzerki Zikloaren barruan, eta datak hauek dira: otsailak 21, ‘Wilt’; otsailak 22, ‘Bodologuak’; eta otsailak 23, ‘Amanda Tevé’. Sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai Biterin, goiz eta arratsalde, 5,30 euroan.

DATORREN asteko asteartean hasiko da Antzerki Zikloa Hernanin. Urteroko moduan, hiru antzerki ezberdin ikusteko aukera izango dute Bi­terira gerturatzen diren an­tzerkizaleek. An­tzez­lan guztiak arratsaldeko 20:00­etan hasiko dira, eta Her­naniko Udala da antolatzailea.


Gai oso ezberdinak lantzen dituzten antzezlanak
Hilaren 21, 22 eta 23an izangodira, hurrenez hurren, Wilt, Bodologuak eta Amanda Tevé antzezlanak. Aurreneko biak euskeraz eskainiko dituzte, eta azkenekoa, gaztelaniaz. Antzezlanetako gaiei dagokienean, hiruak oso ezberdinak dira. Wilt antzezlanak maitasunaren alde onak eta txarrak lan­tzen ditu. Bikotearekin arazoak dituen gizon baten istorioa kontatzen da bertan, besteak beste. Henry Wilt izena du protagonistak, eta eguna, emaztea nola hil eta gorpua nola desagertarazi pentsatzen pasa­tzen du. Henryren zorigaitzerako, emaz­­­teak bikotekide berria ezagu­tzen du, eta hortik aurrera, areagotu egiten dira arazoak. Bodologuak antzezlanean berriz, euskal umorea da nagusi. Boda batetik atera eta hainbat istorio eta bizipen kontatzen dituzte hiru protagonistek: euskalduna izatearen buruko minak, tekno­lo­gia, gastronomia, oporrak... Azkenik, Amanda Tevé an­tzezlanak telebista kate batean izaten diren gorabeherak kontatzen ditu. Aur­ke­zleak, Aman­da Galorek, saio arrakastatsu bat aurkezten du, eta hau ikus daitekeen katea bera ere, erosten du. Programa eta pelikula berriak sortzen ditu, eta ez dute nahi adina arrakastarik lortzen.


Sarrerak, bihartik salgai
Hiru antzezlanetarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai Biterin; erdiak goizean, eta beste erdiak, arratsaldean. Ordutegia: 09:00etatik 13:00­etara eta 18:00etatik 21:00etara. Sarrerak 5,30 euroan egongo dira salgai. 


Wilt-Otsailak 21
Konpainia: Ados teatroa
Aktoreak: Mikel Laskurain, Isidoro Fernandez, Aitziber
Garmendia, Miren Gojenola, Koldo Losada, Fernando Ruiz
Gidoia eta zuzentzailea: Garbiñe Losada
Hizkuntza: Euskera
Sinopsia: Henry Wilt, ba­tez ere, itxaropena gal­du­tako gizona da. Emaz­tearekin ere ez da zo­rion­tsu. Baina Wiltek ihesbidea du: egunero pentsatzen ditu, txakurra paseatu bitartean, emaztea hil­tzeko eta gorpua desagerrarazteko hainbat modu. Denborak aurrera egiten badu ere, ez dirudi bizitzan ezer aldatuko denik. Egun batean ordea, emaz­teak gizon ipar-amerikar bat ezaguzen du. Gainera, Wiltarrak gon­bidatzen ditu jai batera. Bertan, gorabehera ba­tzuk medio, Wilt panpina puzgarri batekin topatuko dute.

Bodologuak-Otsailak 22
Konpainia: Txintxeta produkzioak
Aktoreak: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu
Zuzendaria: Anartz Zuaza
Hizkuntza: Euskera
Sinopsia: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburuk ezaugarri duten euskal umore apartarekin, gaur egungo gai ezberdinak astinduko dituzte bakarrizketa eta elkarrizketa moduan: euskalduna izatearen buruko minak, elizaren mundu zoragarria, gure elkarte gastronomikoak, euskaldunon oporrak, euskaldunok eta teknologia... Eta beste gai batzuk ere, jorratuko dituzte; hori bai, beti umorea oinarri hartuta. Baina kasualitatea! Justu emanaldia hasi aurretik ezkontza izan dute, eta funtzioa BODOLOGO bihurtuko da. Elegante, zorrotz, petral, xelebre, baina beti umorez gainezka.

Amanda tevé-Otsailak 23
Konpainia: Las Txirenitas
Aktoreak: Loli Astoreka, Sol Maguna, Gemma Martinez,
Yolanda Martinez, Vito Rogado eta Maribel Salas
Gidoia eta zuzentzailea: Las Txirenitas
Hizkuntza: Gaztelania
Sinopsia: La vida y sus cosas programaren ondoren, Amanda Galore aurkezleak programa arrakastatsuarekin jarraitu du. Baina orain, telebista katea berea da. Bera da guztiaren jabe. Progama parrilla berritu du eta sinesgaitzak diren atalak estreinatu ditu: La casa de Ber­narda Atxaga, berak sortutakoa eta hainbat naziotan arrakasta izan duen saioa. Zineari eskainitako atalean, gazteei zuzendutako thriller euskaldunaren estreinaldia mundu mailan, kultura, gertakariak, albisteak... eta hain eztabaidagarria den No me creo na. Esta es la cadena sin competencia: Amanda TeVé. Baina telebista platoan, dena ez da espero bezala ateratzen ari...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!