MuNDuko hainbat herrialdetan arrakasta izan duen André eta Dorine ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da gaur arratsaldeko 19:30etan, Egiako Gazteszena kultur etxean. Sarrerak 10 eurotan erosi daitezke www.kutxasarrerak.net webgunean. Garbiñe Insausti eta Jose Dault aktoreek sortu zuten 2010ean Hernaniko Kulunka Teatro antzerki konpainia. Antzezlan hau izan zen, hain zuzen, urte hartan estreinatutako lana. Azken bi urte hauetan oso harrera ona izan du antzezlanak aurkeztu den herrialde guztietan. Bi dira arrakasta horren giltzak: hizkuntza eta gaia unibertsalak izatea, hain zuzen. Izan ere, alzheimerraren inguruko istorioa konta-tzen da bertan, keinu hizkuntza eta maskaren adierazkortasuna erabilita.
Unibertsaltasuna
Antzezlan mutua denez, mugarik gabeko ikuskizuna da André eta Dorine. Garbiñe Insausti, Jose Dault eta Edu Cárcamo aktoreek André eta Dorine aiton-amonen istorioa kontatzen dute.
Urte asko elkarrekin igaro ondoren, errutinan erori den bikotea osatzen dute aiton-amonek. Horrela, noizbait bien artean egondako pasioari axolagabekeriak hartu dio lekua. Baina alzheimerrari aurre egin beharko diote halako batean. Horrek, oroitzapenetan zehar bidaiatzera eramango du bikotea, bien arteko maitasun istorioaren nondik-norakoak berreskuratzeko ahaleginean.
Munduan barrena
Kolonbian, Txinan, Argentinan, Ingalaterran, Nepalen edota Turkian aurkeztu da orain arte antzezlan hau, eta aurten ere birarekin jarraitzeko asmoa du konpainiak, Mexikon, Estatu Batuetan, Errusian edota Norvegian.
Dagoeneko 3 sari jaso ditu antzezlanak Birminghamen, La Habanan eta Huescan ospatutako jaialdietan.