Zerga beherapenak mantendu egingo dira urte bukaerara arte

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 12a, 01:00

Etxebizitza berria erosteko garai ona dela diote adituek, hiru arrazoi nagusi direla medio: dagoen eskaintza altua, etxebizitzen prezioen jaitsiera eta erosketei aplikatzen zaizkien zergen beherapena.

Krisia ahoz aho dabilen garai honetan, ez da guztia horren beltz ageri. Etxebizitza berri bat erosi nahi duenak, aukera ona duela diote adituek. Izan ere, krisia dela eta, etxe­bizitza salmenta gutxitu egin da, eta horrek, prezioak jaistera behartu ditu saltzaileak. Bestalde, estatu espainiarreko gobernuak etxebizitzen erosketei aplikatzen zaizkien zergen beherapenak urte bukaerara arte luzatuko dituela iragarri du. Modu horretan, salmentak areagotu eta stock egoeran dagoen etxebizitza kopurua txikitu nahi dela azaldu dute. Etxebizitza bat erostean ordaindu behar izaten diren zerga-motak desberdinak dira etxebizitza berria bada, edota bigarren eskukoa bada. Lehenengoaren kasuan, BEZa, eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Zerga aplikatzen dira, eta bigarrenaren kasuan berriz, Ondare Transmisioen Gaineko Zerga. Iragarri diren zergen murrizketak direla eta, etxebizitza berria erostean aplikatzen diren zergak %4,5ean geratu dira, eta bigarren eskuko etxebizitza erostean aplikatzen den zerga berriz, %2,5ean.

Etxebizitza berrien BEZa , murriztu
Murriztu den zerga-motetako bat etxebizitza berri bat erostean aplikatzen den BEZa da. Autonomia Erkidego bakoi-tzean ordaintzen den BEZa desberdina izaten da, eta lehengo urtera arte, %7ko BEZa ordaintzen zen Gipuzkoan etxe­bizitza berri bat erostean. Babes ofizialeko eta promozioko etxebizitzen kasuan berriz, %4ra murriztutako BEZa aplikatzen zen. Lehengo udan, estatu espainiarreko orduko gobernuak zerga hau murriztea erabaki zuen, %7tik %4ra jai-tsiz. Neurri hori 2011ko abenduaren 31ra arte egotekoa zen indarrean, baina egungo gobernu berriak, murrizketa horren epea luzatzea erabaki du, oraingoz, urte honen amaierara arte. Gainera, orain arte etxebizitza berri bat erostean aplikatzen zen BEZa %4koa izan zedin baldintza jakin bat bete behar zen: erositako etxebizi-tza berri horrek `ohiko etxebizitza´ deritzona izan beharra zuen, hau da, lehen etxebizitza, bizileku nagusia. Orain ordea, BOEn argitaratutako abenduaren 30eko dekretuaren arabera, baldintza hori aipatzen ez denez, BEZ murriztua aplikatuko zaie bai `ohiko etxebizitza´ deitutakoei, bai eta `bigarren etxebizitza´ deitutakoei ere. Murrizketa hau aplikatuta, 5.000 eta 10.000 euro inguru aurreztu daitezke 125.000 eta 250.000 euro inguru balio duten etxe berriak erostean. Etxebizitza berria erostean aplikatzen den Egintza Juridiko Dokumentatuaren Zergari dagokionez, honek ez du murrizketarik jasan; %0,5eko tipoa ordaintzen da.

Bigarren eskuko etxebizitzaren zerga, %2,5
Aplikatzen den zerga-mota desberdina da, erositako etxea bigarren eskukoa bada. Kasu honetan, Ondare Transmisioen Gaineko Zerga ordain­tzen da. Zerga-mota honek ere aldaerak izaten ditu Autonomia Erkidego batetik bestera. Gipuzkoan, Bizkaian bezalaxe, orain arte %6koa zen. Hala ere, 35 urtetik behera izanez gero, zerga %3ra murrizteko aukera zegoen. Orain berriz, zerga-mota honi ere murrizketa aplikatu zaionez, Gipuzkoako Batzar Nagusiak %2,5ean ezarri du zerga honen zenbatekoa, bigarren eskuko etxebizitzaren erosketari aplikatzen zaiona. Hala ere, baldintza bat betetzea beharrezkoa da Ondare Transmisioaren Gaineko Zergaren murrizketa aplikatu ahal izateko: erositako bigarren eskuko etxebizitza hori `ohiko bizileku´ izateko erosi behar da.

PFEZari (IRPF) kenketa egiteko aukera
Etxebizitza bat erosteak Per­tsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (IRPF) kenketa egiteko aukera ematen du. Alde batetik, inbertitutako kopuruan %15aren kenketa egin daiteke, eta bestetik, eskatu diren maileguen interesei %20ko kenketa egiten zaie. Pasa den 2011ko urtarrilaren 1ean PFEZari kenketa horiek egiteko aukera bertan behera geratu zen, baina estatu espainiarreko gobernu berriak errekuperatu egin du kenketa hori egiteko aukera, beti ere, erositako etxebizitza `ohiko etxebizitza edo bizilekua´ baldin bada.

ETXEBIZITZA ESKAINTZA
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak argitaratu dituen azken datuak 2011ko bigarren hiruhilekokoak dira. Datu horien arabera, EAEn 35.000 etxebizita inguru daude salgai (2011ko bigarren hiruhileko datuak).
Horietatik, 5.000 inguru salmenta libreko etxebizitza berriak dira, hau da, transmisiorik jasan ez duten etxebizitzak. Obra amaitu ondoren, ordainketa moduan edota subastan bankuek eskuratutakoak ez dira etxebizitza berriak, nahiz eta erabili gabekoak izan.
Salgai dauden bigarren eskuko etxeak berriz, 24.900 inguru dira.
Azkenik, salgai dauden babestutako etxebizitza berriak 4.785 inguru dira, eta beste 927 inguru daude alkilerrean.
Gipuzkoan, salmenta libreko 1.600 etxebizitza berri inguru dago salgai, eta babes ofizialeko beste 1.300 inguru.
Bizkaian berriz, salmenta libreko etxebizitza berriak 2.450 inguru dira, eta 1.900 inguru babes ofizialekoak.
Araban, 900 etxebizitza berri daude salagi salmenta libreko merkatuan, eta babes ofizialeko beste 1.850 inguru.

*datuak gutxi gorabeherakoak dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!