Inauteriak gainean ditugu, ostiralean hasiko dira, hain zuzen, eta ohitura den bezala, Musika Bandak kontzertua eskainiko du gaur, jaiak iragarriz. Emanaldia 13:15etatik aurrera izango da udaletxeko arkupetan. Denera, hamasei abesti eskainiko dituzte Zipri Otxandorenaren aginduetara. Honako abestiekin gozatzeko aukera izango da: Diana, Iriyarena, Pello ziri ziri, Baratzeko pikuak, Galtzaundi, Pastelero, Farol dantza, Paquita la Vergaresa, Isabelita, Habanera, Contrapas, Polka, Praskuarena, Habanera, Jota eta Irureta.
Kontzertu berezia, hilaren azken igandean
Musika Bandak, kontzertu berezia eskainiko du otsailaren 26an. Joxe Mari Oiartzabalek hartuko du batutaren ardura, aski ezaguna den musikari andoaindarrak. Zazpi abesti eskainiko dituzte, Milagrosako kaperan. Oiartzabalek besteak beste, EITBn askotan egin ditu zuzendari lanak, eta hainbat grabaketa ere baditu: Donostiako Martxakoak, Inauterietakoak...