Mozorroak prest izango dituzte hernaniar gehienek, eta berandu dabiltzanak azken orduko konplementuak erosten ariko dira, Inauteriak bertan baitira. Ostiralean hasiko dira Hernanin, eta asteartera bitartean, dantza, musika, tailerrak, jokoak, konpartsak eta bestelako ekitaldiak ez dira faltako. Ekitaldi ofizialez gain, Kontrakantxa gaztetxeak ere, propioa antolatu du; eta Fotoforum elkarteko kideak, argazkiak ateratzen ibiliko dira egunero.
6 urteko ibilbidea
Urumea Txaranga izango da aurtengo omendua, eta lau eguneko festari hasiera emango diona. 2006an hasi zuten bere ibilbidea txaranga gisa, eta ordutik, Hernaniko ekitaldi ia guztietan hartu dute parte. Ostiralean, 15:15etan jasoko dute omenaldia, egin duten ibilbideko lana aitortu, eta etorkizunerako animoak emateko.
Mozorro festa, konpartsak...
Goizetik gauera, orduro izango da zeregina, asteburuan. Larunbata eta astelehen goizean, 10:00etan, Axeri Dantza izango da. Horrez gain, larunbatean, poni eta zezen txikiek, erraldoi eta buruhaundiek eta txarangek girotuko dute herria. Eguneko beste ekitaldi nagusia, Mozorro Festa izango da; 18:00etan, Atsegindegin.
Igandean ere, txarangek piztuko dute festa giroa, goizean goiz. Arratsaldean berriz, haurrentzako emanaldiak eta trikitilari eta dultzaineroak izango dira, herrian barrena. Konpartsen irteera eguerdiko 12:00etan izango da, eta urteroko legez, herritar gehien erakarriko dituen ekitaldia izango da. Hiru konpartsa aterako dira, 12:00etan: Ttarla dantza taldea, Elizatxo ikastola eta Inmakulada ikastetxea. Egingo duten ibilbidea da: Urbieta, Izpizua, Elkano, Plaza, Kardaberaz, Nagusia eta Plaza. Herritarrei konpartsen gune eta tarteak errespetatzea eskatu diete.
Astelehenean Dianak esnatuko du herria. Umeak izango dira egun honetako protagonistak, tailerrak, poni eta zezenak, eta erraldoi eta buruhaundiak baitira, egun honetarako antolatutako ekitaldiak.
Azkenik, sardiñaren ehorzketarekin agurtuko dituzte Inauteriak, asteartean, 18:30etan hasita, Plazan.
Fotoforumekoak,
argazkiak ateratzen
Fotoforumeko kideak argazkiak ateratzen ibiliko dira egun guztietan eta ondoren, dendetan jarriko dituzte ikusgai, eta www.forumhernani.org orrian.
Jai Batzordeak, bi sari
Etxeko balkoia gehien apaintzen duenari eta eskaparate apainduenari sariak emango dizkie Jai Batzordeak. Parte hartu nahi dutenek argazkia eman behar dute, hilaren 24a baino lehen, Biterira.
Trikipoteoa, konpartsak
eta bazkariak, Gazte Asanbladak antolatuta
Herriko koadrilen arteko giroa sustatzeko asmoarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gazte Asanbladak, larunbatean. Trikipoteoarekin hasiko dute eguna, Zinkoeneatik aterata, 11:30etan. Ondoren, Tilosetan barrena, konpartsen desfilea egingo dute, eta herritarrak animatu dituzte, euren karroza prestatu, eta bertara azaltzera. Desfilea bukatuta, bazkaltzera elkartuko dira, 14:30etan, Kontrakantxan, eta joan nahi dutenek, aldez aurretik erosi behar dituzte sarrerak; Garin eta Goiz argin daude salgai 15 euroan.
Zamalanetan, aldaketa
Inauteriak direla eta, Kaxkoko zamalanetan aldaketak izango direla jakinarazi du Udalak. Larunbatean, 06:00etatik 09:30etara eta 11:30etatik 12:45etara egin ahal izango dira. Eta astelehenean, 06:00etatik 09:30etara, eta 11:30etatik 13:45etara.
Egitaraua
17 ostirala
15:15 Jaien hasiera ofiziala. Bertan Urumea txarangari omenaldia egingo zaio. Jarraian eskola umeak irtengo dira Lagunak txarangarekin batera.
17:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldea eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:30 Diskoteka Plaza Berrin.
21:00 Pelota partiduak afizionatu mailan kiroldegiko frontoian.
18 larunbata
10:00 Axeri dantza.
11:30 Betikoak txaranga.
11:30 Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbe auzoko kirol pistan.
12:00 Ezpeletako txarangaren irteera. San Joan Konpartsa.
13:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin.
17:00 Haurrentzat emanaldia: ‘Dj Thobben eta Lore Power’ Atsegindegi plazan.
18:00 Betikoak txarangaren
irteera.
18:00 Mozorro festa gaztetxoentzat Atsegindegi plazan.
18:30 Erromeria Ezpeletako txarangarekin Plaza Berrin.
00:00 Betikoak txaranga.
19 igandea
11:30 Betikoak txarangaren irteera.
12:00 Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea, Elizatxo ikastola eta La Inmaculada ikastetxea.
17:00 Haurrentzat emanaldia: ‘Ohitura onak’ Patxin eta Potxinekin Atsegindegi plazan.
18:00 Betikoak txaranga.
19:30 ’Hernani’ Musika Eskolako trikitilari eta dultzaineroen irteera.
20 astelehena
09:00 Diana ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleekin.
10:00 Axeri dantza.
11:30 Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbe auzoko kirol pistan.
12:00 Haurrentzat tailer afrikarrak Atsegindegi plazan.
16:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:00 Haurrentzat emanaldia: ‘Berziklapen Magia’ Eriz magoarekin Atsegindegi Plazan.
21 asteartea
18:30 Sardiñaren ehorzketa.
Segidan, eskoletako umeak ibiliko dira herrian gora eta behera, Lagunak txarangaren atzetik. Erraldoi eta buruhandiak, diskofesta eta pelota partiduak izango dira aurreneko eguneko beste bi ekitaldiak.