hernaniko saskibaloiarentzat asteburu berezia izango da hau, kadete eta junior mailan, inoiz jokatu ez diren partiduak izango baitituzte. Kadetetan, bigarren urteko taldeak Euskadiko Txapelketa jokatuko du gaur, klubaren historian, aurreneko aldiz. Bilbon jokatuko dute, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Aurkari, Loiola Indautxu taldea izango dute, Bizkaiako saskibaloi munduan makina bat urtetan punta-puntan ibili den taldea. Bitxikeri moduan, talde honetan aritutakoak dira, besteak beste, Juanma Lopez Iturriaga , J. J. Davalillo eta Kike Hermosilla. Hernanik 10 partidu gogor jokatuko ditu txapelketa honetan, baina horrek ez ditu jokalariak kikilduko. Ibon Ocañok eta Aitor Urretabizkaiak entrenatzen duten taldeak opari gisa hartu du Euskadiko Txapelketa jokatzea, eta gozatu eta ikastea izango dute helburu.
Juniorretako bi taldeak, elkarren kontra
Asteburuko beste berezitasuna juniorren partiduetan dago. Hernaniko bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute, aurreneko aldiz. Partidua kiroldegian jokatuko da, arratsaleko 18:30etan hasita. Talde nagusiaren helburua da, sailkapeneko aurreneko bi postuetan bukatzea denboraldia; eta gazteena aldiz, azkeneko bietan ez amaitzea. Momentuz, gazteak hobeto ari dira aurten, eta aurretik dijoaz. Seniorretako partiduaren aurretik, 1go mailako kadeteek Soraluzeren kontra jokatuko dute kiroldegian, 16:45etan.