Kolore, algara eta musika nagusi aurtengo Inauterietan

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 11a, 01:00

Urumea Ikastetxeko Iñude eta Artzaien biharko bixitak eta ondoren, Hernaniko Musika Bandak eskainiko duen Inauterietako kontzertuak girotuko dute Hernani, datorren ostiralean hasiko diren Inauterietarako.

Astebete eskas falta da mozorroei hautsa kendu eta herria kolorez eta umorez girotzeko. Bihar bertan, Urumea Ikastetxeko Iñude eta Artzaien konpartsa herriko kaleetan barrena ibiliko da eguerdiko hamabietatik aurrera. Ondoren, 13:15etan, Hernaniko Musika Bandak Inauterietako kontzertua eskainiko du. Festari hasiera ofiziala datorren ostiralean emango zaio, arratsaldeko 15:15etan. Urumea txaranga omenduko dute bertan, eta jarraian, Lagunak txarangak musikaz beteko ditu kaleak. Hurrengo hiru egunetan, irri, algara eta bromarako tartea soberan izango da, eta asteartean amaituko dira Inauteriak, sardiña ehorztearekin batera.

Aukera zabala
Guztion gustuetara egokitutako ekintzaz beterik dago aurtengo egitaraua ere. Baina urtero bezala, mozorro, jantzi, maskara, kolore eta musika izango dira protagonista. Ostiralean bertan, jaiei hasiera eman eta Urumea txaranga omendu ostean, La­gunak txarangak girotuko du herria. Arratsaldean berriz, Erraldoi eta Buruhaundien konpartsa irtengo da, Kris­kitiña dantza taldearen eskutik, eta ‘Hernani’ Musika Eskolako dultzaineroek lagunduta. Ondoren, Eusko Diskoteka izango da Atse­gindegin. Eta iluntzeko bederatzietan, afizionatu mailako pelota partiduak jokatuko dira kiroldegiko frontoian. Hurrengo egunetan, Musika Eskolako musikariek eskainitako diana, axeri dantza, Betikoak txaranga, Ezpeletako txaranga, erromeria edota San Juan konpartsa izango dira Hernani girotuko dutenak.

Haurrentzako emanaldiak
Inauteriek iraun bitartean, haur eta gaztetxoek ere hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute. Larunbat zein astelehenean, poni eta zezen txikiekin ibiltzeko aukera izango dute Latsunbeko kirol pistan. Bestalde, haurrei zuzendutako hainbat emanaldi antolatu dira. Larunbatean, `Dj Thobben eta Lore Power´ ikuskizuna izango da Atsegindegin, arra-tsaldeko 17:00etan, eta ondoren, mozorro festa egingo da bertan. Igandean berriz, `Ohitura onak´ ikuskizuna eskainiko dute Patxin eta Potxin pailazoek. Astelehenean ere, izango dute dibertitzeko nahikoa aukera. Goizean, tailer afrikarrak izango dira Atsegindegin, eta arratsaldeko 17:00etan berriz, Eriz magoak `Berziklapen Magia´ ikuskizuna emango du.

Konpartsen eguna
Ostegun gizena eta ostiral argala pasa ostean, larunbatean motorrak berotuko dira. Baina igandean, Karnabal egunean, izango dira mozorroak benetako protagonista. Goizeko 11:30etan Betikoak txarangak jarriko du dantzan jende guztia, eta 12:00etan irtengo dira Konpartsak. Ttarla dantza taldeak, Elizatxo ikastolak eta La Inmaculada ikastetxeak osatuko dute Konpartsa.

Gazte Asanblada
Egitarau ofzialean agertzen ez bada ere, Hernaniko Gazte Asanbladak ere prestatu du festarako programa. Larunbata da hain zuzen, aukeratutako eguna. Goizeko 11:30etan ekingo diote trikipoteoari eta karrozen desfileari. Herriko kaleetan barrena ibiliko dira, eta eguerdiko 14:30etan Kontrakantxa Gaztetxean elkartuko dira bazkaltzeko. Ondoren, karroza onenaren eta mozorro onenaren sariak banatuko dituzte, eta arratsaldean festarekin jarraituko dute herrian zehar. Herritar guztiak gonbidatu dituzte festan parte hartzera, eta Kontrakantxan bazkaldu nahi duenak aldez aurretik erosi beharko ditu txartelak, 10 eurotan Goiz Argi eta Garin tabernetan.

Sardiñaren ehorzketa, Inauteriak agurtzeko
Asteartean, beltzak lekua hartuko die kolore bizi eta alaiei. Mozorroak alde batera utzi, eta traje eleganteenak soinean, lau eguneko festa umoretsuari amaiera emango zaio sardiñaren ehorzketarekin. Urtero bezala, Hernani Musika Eskolako dultzaineroek Inauterietako azken musika notak joko dituzte sardina erre bitartean. Arratsaldeko 18:30etan izango da zita, Gudarien Enparantzan. Ordura arteko irri eta algarak malko bihurtu eta sardinaren errautsak zabalduz, agurtuko dira aurtengo Inauteriak.

12 igandea
12:00 Urumea ikastolako Iñude eta Artzaiak konpartsaren irteera.
13:15 Inauterietako kontzertua Hernaniko Musika Bandaren eskutik.

17 ostirala
15:15 Jaien hasiera ofiziala. Bertan Urumea txarangari omenaldia egingo zaio. Jarraian eskola umeak irtengo dira Lagunak txarangarekin batera.
17:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldea eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:30 Diskoteka Plaza Berrin.
21:00 Pelota partiduak afizionatu mailan kiroldegiko frontoian.

18 larunbata
10:00 Axeri dantza.
11:30 Betikoak txarangaren irteera.
11:30 Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbe auzoko kirol pistan.
12:00 Ezpeletako txarangaren irteera. San Joan Konpartsa.
13:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin.
17:00 Haurrentzat emanaldia: ‘Dj Thobben eta Lore Power’ Atsegindegi plazan.
18:00 Betikoak txarangaren
irteera.
18:00 Mozorro festa gaztetxoen-tzat Atsegindegi plazan.
18:30 Erromeria Ezpeletako txarangarekin Plaza Berrin.
00:00 Betikoak txarangaren irteera.

19 igandea

11:30 Betikoak txarangaren irteera. 
12:00 Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea ,Elizatxo ikastola eta La Inmaculada ikastetxea.
17:00 Haurrentzat emanaldia: ‘Ohitura onak’ Patxin eta Potxinekin Atsegindegi plazan.
18:00 Betikoak txarangaren irteera.
19:30’Hernani’ Musika Eskolako trikitilari eta dultzaineroen irteera.

20 astelehena
09:00 Diana ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleekin.
10:00 Axeri dantza.
11:30 Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbe auzoko kirol pistan.
12:00 Haurrentzat tailer afrikarrak Atsegindegi plazan.
16:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:00 Haurrentzat emanaldia: ‘Berziklapen Magia’ Eriz magoarekin Atsegindegi Plazan.

21 asteartea
18:30 Sardiñaren ehorzketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!