Hernaniko Herrira mugimendua aurkeztu zuten atzo Biterin, preso eta iheslarien eskubideen alde lan egingo duen Hernaniko bilgunea. Biteriko oholtza gainera igo ziren 20 herritar, urtarrilaren 7an izan zen manifestazioaren aldarrikapenak bizirik mantendu nahi dituztenak eta horretarako lanean jarraituko dutenak. Herrira bilgunea aurkezteaz gain, herritarren partaidetza eskatu zuten. «Bilgune honek preso eta iheslari guztien etxeratzea du helburu eta helburuarekin bat datorren edonor parte hartzera animatzen dugu. Gurekin ados dagoenari lan esparru bat eskaini nahi diogu eta ados ez dagoena konbentzitu nahi dugu. Parte hartzea modu ezberdinetan izan daiteke. Nahi duenak eta nahi duenean, ateak zabalik aurkituko ditu». Bilguneak bost lan taldetan egingo duela lan azaldu zuten: informazioa, komunikazioa, harremanak, elkartasuna eta ekimenak. Datorren astetik aurrera hasiko dira biltzen. Gaineratu zuten garrantzi berezia eman nahi diotela komunikazioari, eta horretarako emailez edo sms bidez funtzionatuko duen sare bat jarriko dute martxan. Horrez gain, lan talde guztiak koordinatuko dituen talde bat ere izango da.
Ostiraletako kontzentrazioak, indartzea
Aurreikusitako ekimenen berri ere eman zuten eta azpimarratu zuten hileko azken ostiraletako kontzentrazioari trataera berezia eman nahi diotela. Elkartasun Egunari dagokionez, beste urtetako ekimenak osatuko dituen proiektu bat eratu nahi dute. San Joanetan presoen eta iheslarien presentzia areagotzea ere badute helburu. Horiez gain, Euskal Herri mailan Herrira mugimenduak egin ditzakeen manifestaziorako deialdiak eta ekimenak bultzatu nahi dituzte. Nazio mailako lehenengo ekimena apirilaren 21ean izango dela jakinarazi zuten, «urtarrilaren 7ko manifestazioaren jarraipena izan nahi duen Plazak bete ekimena».
Lan taldeen bilerak:
Informazioa: asteazkenetan, 18:00etan Biterin
Kominikazioa: asteartetan, 19:00etan Biterin.
Harremanak: asteartetan, 19:00etan Biterin.
Elkartasuna: asteazkenetan, 19:00etan Biterin.
Ekimenak: asteazkenetan, 19:00etan Biterin.