zerbitzu Publikoetan lau orduko lan uzteak deitu zituzten atzo, erreformen aurka, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek. Hauen ustez, jarraipena oso zabala izan zen, arlo guztietan. Herri eta Foru Administrazioei dagokienean, erantzuna erabatekoa izan zela jakinarazi zuten, bai Hernaniko Udalean, eta baita beste herri askotan ere. Irakaskuntzan ere, oso zabala izan zela azaldu zuten, eta Hernaniren kasuan, erabatekoa: Inmakulada ikastetxean, Hernani HHn, eta Txirrita, Langile, Elizatxo eta Urumeako HH eta LHn. Osakidetzari dagokionean, azken urteetako mobilizazio haundiena eman zela azpimarratu zuten.
Patronalak bestalde, jarraipena txikia izan zela azaldu zuen: «Administrazioan, %25era ere ez zen iritsi; Osakidetzan, %5a baino gutxiago; eta irakaskuntzan altuagoa izan zen, %35 ingurukoa».
Arantzazuko Amako langileek bat egin zuten
Astigarragako Arantzazuko Amako irakasleen gehiengoak bat egin zuen lan uztearekin. Beraiek antolatutako mobilizazioetan parte hartzeaz gain, Astigarragako Udaleko langileekin elkartu ziren JM Barandiaran plazan. Bertan, irakasle eta udal ordezkariak sindikatuetako ordezkari batekin elkartu ziren, eta lan uztearen arrazoiak aztertu zituzten.