ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek lau orduko lanuzteak deitu dituzte gaur, murrizketen aurka. Udaletxetik jakinarazi dutenez, bertako langile batzordeak deialdiarekin bat egitea erabaki du eta lanuzteen ordutegiaren berri ere eman du. Orokorrean, udalaren zerbitzu guztietan lanuztea, goizeko 11:00etatik 15:00etara izango da. Kiroldegian, ordea, 12:50etik 16:50etara izango da eta Udal Euskaltegian 10:30etatik 12:30etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Lau ikastetxetan ere, greba
Langile, Elizatxo, Txirrita eta Hernani Institutuan ere grebarekin bat egingo dute. Sindikatuetatik jakinarazi dutenez, greba deialdia goizeko 11:00etatik arratsaldeko 18:00etara egin da eta zentru bakoitzak, tarte horretan 4 orduko lanuztea noiz egingo duen erabakiko du. Batez ere, turno desberdinak dituztelako beraien lanaldietan.
Astigarragan, batzarra
Astigarragako Arantzazuko Ama ikastetxeko langileek bazkaldu eta batzarra egingo dute 15:00etan, beheko plazan. Guraso, Udal ordezkari eta herritar guztiei egiten diete dei, azaltzeko.
Manifestazioa, Donostian
Donostian manifestazioa izango da 12:30etan. 11:45etan, zutabe desberdinak aterako dira Bulebarrera, Groseko epaitegitik, Eusko Jaurlaritzako bulegoetatik eta Hezkuntzako Delegaritzatik.