Datorren ikasturteko aurrematrikulazio epea ostiralean bukatuko da, beraz, seme-alabak Hernaniko ikastetxeren batera eraman nahi izanez gero, hiru egun geratzen dira ikastetxe bat edo beste aukeratzeko. Izan ere, Haur Hezkuntza (2-6 urte) eta Lehen Hezkuntza (6-12 urte) egiteko, bost ikastetxe daude aukeran: Elizatxo, Urumea, Langile, Inmakulada eta Txirrita. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte) egiteko berriz, bi: Inmakulada eta Hernani Institutua. Denera, 1996tik 2010era bitartean jaiotako 2.919 hernaniar daude matrikula egitera deituta. Ikasturte honetan, 2.752 hernaniar ari dira herriko ikastetxeetan ikasten.
Fusioa, osotasunean
DBHn, Hernaniko ikastetxeen arteko fusioa ematen ari dela eta, Santa Barbara eraikineko zuzendaritzako kideek Kronikari azaldu diote oraindik ohitzeko fasean daudela, elkarlanean. Dena dela, orain artekoaren balorazioa oso positiboa izan dela nabarmendu dute: «Guraso eta ikasleak oso gustora daude; batez ere, ikasleak». Badakite lan asko geratzen dela oraindik, talde osoa sartu ez delako. Eta datorren ikasturtea izango da klabea, fusio osoa emango baita. Fusioaz hitz egiten bada ere, zuzendaritzako kideek nahiago dute integrazioaz hitz egin: «hala izan da, Hernani Institutuan eman den integrazioa izan da».
Bi erronka: hezkuntza proiektua eta eraikina
Datozen urteetan, hau da, epe motzean dituzten erronkak, bi dira: hezkuntza proiektua zehaztea, izan ere, hiru hezkuntza proiektu batu dira fusioaren eraginez; eta eraikinarekin duten arazoa konpontzea. Berez, Eusko Jaurlaritzak orain 2 urte agindu zuen 2013-2014rako eraikina egina egongo dela, baina alde guztiek diote ez dela posible izango.
Kalitatezko eskaintza eta abantaila ugari
Guraso askok eramaten dituzte euren seme-alabak herritik kanpo ikastera eta Udalak Hernanin ikasteak dituen abantailen berri eman du, kalitatezko eskaintza dagoela azpimarratzeaz gain: «Merkeagoa da, oinez edo bizikletaz joateko aukera dago; erosoagoa da; seme-alaben heziketa gertutik segitu daiteke; seme-alabek herrian lagunarte zabala izateko aukera dute; herriarentzako aberasgarria da...».
Horri lotuta, datu positiboak aipatu dituzte. Azaldu dute, fusioa eman denetik, ikasle gutxiagok egiten duela alde Batxilergoan: «Ikasle gehiago matrikulatzen da Institutuan, orain».
Matrikulatu daitezkeen ume eta gazteak