CCOO sindikatuak jakinarazi du hainbat entzumen arazo ezkutatu egin dituztela prebentzio zerbitzuek eta Mutuek. Hainbat irregulartasun antzeman ditu sindikatuak. Hori horrela, azaldu du, salatu egingo dituela prebentzio zerbitzuak, lesioak ezkutatu egin direla jakiten badu.
CCOOek dio, «maniobra horiek» egiteko, prebentzio zerbitzuek lesioak ezkutatzen dituztela, kaltetuei halako azalpenak emanez: «Daukazun entzumen arazoa txikia da, urte batzuk itxaronez gero, seguru indemnizazio haundiagoa lortuko duzula». Urteekin, kasu horiek preskribatu egin daitezke, eta kalte ordaina jasotzeko eskubidea galtzen du kaltetuak, sindikatuaren arabera.
Jesus Uzkudun, CCOO laneko osasun arloko arduradunak prebentzio zerbitzuetako zuzendariei jakinarazi die, gaixotasunen berri eman dezatela, bestela, euren enpresen irudia kaltetua izango dela, milaka langileren entzumen arazoak ezktutatzeagatik. Gaineratu du, gaixotasunik zabalduena dela euskal langileen artean eta askok eta askok dituztela lantokiko zarataren eraginez sortzen diren entzumen arazoak. «CCOOek, Euskadin, milaka kaltetu errekonozitzea lortu du azken hamarkadan, 1.010 eta 2.990 euro arteko indemnizazioa kobratzen dutenak», azpimarratu du sindikatuak.