Hilabetero bezala, ekintza ugari antolatu ditu Gazte Txokoak, 11-16 urte bitarteko gazteentzat. Datorren astean inauteriak direla kontuan izanda, eskaiolazko karetak egiteko aukera izango dute bihar eta etzi. Horrez gain, datorren asteko asteazken eta ostegunean, lokala dekoratuko dute inauterietarako. Inauterietako larunbaten, berriz, hau da, otsailaren 18an, bazkaria eta mozorro lehiaketa antolatu dituzte. Horrez gain, joko eta dinamika ezberdinez gozatzeko aukera ere izango dute Gazte Txokora gerturatzen diren gazteek.
Argazki markoak egiteko tailerra
Inauteriei begira antolatutako ekintzez gain, beste hainbat gauza ere egingo dituzte Gazte Txokoan, hilabete honetan. Otsailaren 10 eta 29an pultserak egingo dituzte, eta otsailaren 22 eta 23an argazkientzako markoak. Futbolin lehiaketa ere antolatu dute otsailaren 17an, besteak beste.
Mural tailerrak, arrakasta haundia
Urtarrilean egindako ekintzei dagokienez, mural tailerrak arrakasta haundia izan zuela azaldu dute Gazte Txokoko begiraleek. Axpi ilustratzaileak egin zuen irudia, gazteen laguntzarekin diseinua aukeratu ostean. Murala margotzen, berriz, gazteak aritu ziren Axpik emandako aholkuekin. Lortutako emaitza oso polita izateaz gain, gazteek oso ondo pasa zutela eta ekintza oso positiboa izan dela diote begiraleek.