Hernaniko Herrira mugimendua aurkeztuko dute ostiralean, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 7a, 01:00

Preso eta iheslarien eskubideen alde egingo du lan Herrira mugimenduak eta mugimendu erabat irekia eta ikuspuntu desberdinetako jendez osatua izatea espero du. Herritar guztiei luzantzen diete gonbitea bilgunera batzeko eta aurkezpenera joateko, 18:30etan.

Euskal preso eta iheslarien alde lan egingo duen Herrira mugimendua aurkeztu zuten igandean, Donostiako Kur­saalean, eta ostiralean, Her­nanin zentratzen den mugimenduaren berri izateko aukera izango da. Izan ere, Hernaniko Herrira aurkeztuko dute 18:30etan, Biterin. Aurkezpenaren berri emanez, hala azaldu diote Kronikari: «Euskal Herriko preso eta iheslarien egoera arintzeko eta haiei dagozkien eskubideak aldarrikatzeko, zenbait herritarrek Hernaniko Herrira bilgunea sortzea pentsatu dugu».

Herritar guztiei zuzendua
Gaineratu dute, bilguneak mugimendu erabat irekia izan nahi duela eta espero dutela ikuspuntu desberdinetako jendez osatutako lan taldea izatea. Eta gaineratu dute, lanak aurrera eramateko, ezinbestekoa ikusten dutela taldeak oinarrizko egitura eta antolaketa izatea. Hori lortzeko asmoz, herritar guztiei zuzendua dago gonbidapena.

«Egoera lazgarri hau bukatzeko aukerari, ezin diogu uko egin»
Mugimenduko kideek azpimarratu dute une garrantzitsua dela eta ezin zaiola uko egin: «Preso eta iheslarien eskubideen aldeko borroka honetan une garrantzitsua bizi dugu, eta gure herri honek jasaten duen egoera lazgarri hau bukatzeko aukerari, ezin diogu uko egin».

Ideiak, proposamenak, iritziak... jasotzeko lekua
Bilgunetik argi utzi dute guztion partaidetza behar dela, «bakoitzak ahal edo nahi duen konpromisoa azalduz». «Sor­tzen ari garen bilgune hau zuen ideiak, proposamenak, iradokizunak eta iritziak jasotzeko leku egokia bihurtu nahi da. Eta hau aurrera eramateko, Hernaniko bilgune honetara hurbildu zaitezten eskatzen dizuegu. Denok dugu lekua bilgunean! Ezin dugu injustizia nagusitzen utzi!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!