bi aste dira Hernaniko txotx denboraldia ireki zela. Josune Bereziartuk izan zuen Hernaniko aurreneko sagardo tragoa dastatzeko ohorea. Baina bazen han bertan garrantzizko mugimendu baten presentzia ere, ohorezko gonbidatu ez izan arren, bere erreklamazioak guztii helarazteko aprobetxatu zuena.
Ondoloin mugimenduak hainbat herritar bildu ditu azken urteetan, Hernaniko Kaxkoa «orgia-alkoholiko gune erreferente» bihurtu izanak sortzen dien kezka salatzeko, horren inguruko hausnarketa bultzatzeko eta Udalari indarrean dagoen legedia betearaz dezan eska-tzeko.
Gai honetan «gehiengoak erabakitakoa betetzea ez dela kontua» azaldu dute. Horren gainetik, diote, badaudela «ingurumen kutsadura murrizteko legeak, eta herritarren bizi kalitatea bermatzeko legeak», eta horiek betearaztea dela «Udalaren zeregina».
Mitoak, desegin
Arazoa txotx garaian areagotu egiten bada ere, urte osokoa dela diote Ondoloin mugimenduaren aldekoek. Kezka bat dute: Kaxkoko kaleak «tabernetako barren jarraipena bihurtu» izana eta horren aurrean «ezer egiterik ez dagoela sinistea». Arazoari aurre egin beharrean, salatzen dute hainbat mito egia balira bezala hartu direla, eta egoera justifikatzeko erabiltzen direla: «zalaparta horrek guztiak herrian giroa sortzen duela, eta bizitasuna ematen diola sinisten dugu, giro horrekin amaituz gero, Hernani hilik geratuko litzakeela. Edota mugimendu honek aberastasuna ekartzen duela uste dugu, eta beraz, ezin garela kexatu. Baina sektore batzuek bakarrik jasotzen dute irabazi hori».
Ondoloin mugimendukoek Kronikari azaldu diotenez, sarritan eskatu diote Udalari irabazi horien berri ematen duen informe bat, baina ez omen dute sekula erantzunik jaso. Honen harira, Zikuñagako paper fabrika dakarte gogora: «Aberastasun iturria zen Hernanin, herritar asko aritzen baitzen bertan lanean, baina hala ere, fabrikak sor-tzen zituen hondakinak errekara jaurtitzea debekatu zi-tzaion. Ondorioz, fabrikak inbertsio haundia egin behar izan zuen sistemara ezarri eta hondakinak modu egokian tratatu ahal izateko. Inbertsio hori egin beharra langileak kaleratzeko aitzakia bihur zitekeen. Baina hala ere, legea betearazteko neurriak hartzera behartu zen fabrika».
Bestalde, urtetik urtera hainbat udal-taldek erantzun bera ematen dutela salatzen dute: «parranda giro hori eta bizilagunen deskantsua uztartzen saiatuko» direla, alegia. Baina hori ere mito bat besterik ez dela azpimarratzen du mugimendu honek.
Legedia bete
Eguneko nahiz gaueko edozein ordutan kalean sortzen den zalaparta, gizalegerik gabeko jokaerak, txikizioak, borrokak, zikinkeria eta segurtasun eza dira Ondoloin mugimenduaren alde daudenen ustez, arazo honen sintomak. Horien artean, gehiegizko zaratak eragiten duen ezinegona, lo egiteko eragozpena eta bizi-kalitatearen jaitsiera nabarmentzen dituzte.
Era berean, gogorarazten dute badagoela legedia gehiegizko zaratak ekiditeko, eta horrek sortzen duen ingurumen-kutsadura eta osasun kaltea saihesteko: «Europan, Espaniar Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden legeak betearaztea besterik ez diogu eskatzen Udalari». Lege horien arabera, egunean zehar sortzen den iskanbilak ezin du 65 dezibeliotako muga gainditu, eta gauean berriz, 55 dezibeliotan dago muga. «Hernanin ordea, sarritan jasan behar izaten da 90 edota baita 100 dezibeliotara iristen den iskanbila ere».
Udalak neurri batzuk hartzen dituela onartzen dute Ondoloin mugimenduaren aldekoek, baina gatazka ez sortzearren, arazoaren muinari ez zaiola heltzen iruditzen zaie. Udaltzain kopurua haunditu egiten dela diote, baina «iskanbila dagoen guneetatik at» egoten direla salatzen dute: «Inork ez dio kargurik hartzen portal baten ondoan pixa egiten ari denari, zerbait puskatzen ari denari edo zalaparta ateratzen ari denari».
Bestalde, sagardogileen, Udalaren, Berriak elkartearen eta tabernarien artean akordio bat adosten da, txotx denboraldirako neurriak eta araudi bat ezartzeko. Baina Ondoloin mugimenduaren ustez, «neurri horiek ezin dira gehiengo baten erabakiaren arabera ezarri, legeak gainetik daude». Beren esanetan, txotx denboraldian ez da zertan tabernetako ordutegia luzatu behar. Bestela, «logika horri jarraiki, zergatik ez da tabernen itxiera ordua beste ordubete batez luzatzen? Dagoeneko asko dira lorik egin ezin duten herritarrak».
Hausnarketa bultzatu
Ondoloin mugimenduaren helburua da, arazoaren sintomei baino gehiago, muinari heltzea. Urteak dira bizilagunak egoerarekin nazkatuta daudela, eta «lagunartean kexatzetik erreklamazioak egitera pasatzeko garaia» dela pentsatzen du hainbat herritarrek.
Lehenik eta behin, indarrean dagoen legedia betearazi behar dela aldarrikatzen dute, eta erantzukizun hori Udalarena dela diote, berea baita udalerriko ondasunak, ondasun historikoa nahiz pribatua zaindu eta babesteko ardura. Bigarren pausua berriz, hausnarketa bultzatzea dela iruditzen zaie: «behingoz arazoaren arrazoiak zein diren aztertu eta benetako konponbideak bilatzeko».
«Ez dira arazoaren larritasunaz jabetzen»
Mugimenduaren aldekoek adierazi dutenaren arabera, ez dira jabetzen arazoaren larritasunaz: «Txotx denboraldian, Oialume dantzalekua irekitzen denean, edota bestelako hainbat asteburutan Hernaniko Kaxkoan sortzen den parranda giro desegokia, tamalez haur eta gaztetxoen eredu bilaka-tzen ari da. Dibertitzea alkoholaren edota beste hainbat drogen gehiegizko kontsumoarekin erlazionatzen du dagoeneko gaztetxo askok».
Gainera, hori guztia «egoera normala bailitzan» onartzen dugu, eta hori «kezkagarria» dela uste dute: «herri askotan, festetan, nolabait onartzen dira egoera horiek, baina urte osoko asteburuetara zabaltzea izugarria da. Giza baloreak, giza eskubideak eta giza aberastasuna galtzen ari dira, eta horrek sumindu egiten gaitu».
Horrexegatik, Ondoloin mugimenduaren bigarren helburua (indarrean dauden legeak errespetatu eta betetzea li-tzake lehena), herritar guztien ideia eta proposamenak biltzeko bilera errondak osatzea da. Beren esanetan, «mugimenduari atxikitakoen artean ere, haundiak dira desadostasunak». Proposamen asko dituzte eskuartean, eta denak ez daude guztiekin konforme. Ideia horien aurkako jarrerak ere sortu daitezkeela uste dute, sektore jakin batzuek beren negozioen kalterako direla pentsa baitezakete: «Horregatik da beharrezkoa hausnarketa sakon bat bultzatzea eta irtenbidea aurkitzeko proposamenak denok egitea».
Bestalde, aurten Udalak «turismo kultoagoa erakartzeko martxan jarritako proiektua» ere begi onez ikusten du taldeak. Hala ere, ez du uste neurri hau arazoaren muinera iristen denik. Izan ere, honekin beste helburu bat duen jendea erakarriko bada ere, «gehiegikeriatan oinarritutako parranda» egitera datorren jende uholdeak etortzen jarraituko duela iruditzen baitzaie. Arazo hau behar bezala bideratzeko jende uholdearen etorrera nolabait mugatzea beharrezkotzat jotzen dute, bestela, «txotx tradizioa ezagutu, eta herriko historiaren berri jakin nahiean gerturatuko den jendeak, jarrera basatiaz iskanbila sortzen ari direnekin egingo du topo, eta horrek lotsatu» egiten dituela gaineratu dute.
Zer egin?
Urtarrilaren 22an, Hernaniko txotx denboraldiaren irekiera ekitaldian hasi zen Ondoloin mugimendua lehen pausuak ematen. Gudarien plazan bildutakoen artean informazio orriak banatu zituzten, mugimenduari atxikitako herritarren kexak eta erreklamazioak zein diren azaltzeko.
Era berean, firma bilketa bat ere abian dute, Udalari herritarren erreklamazioak helarazi ahal izateko. Txotx irekiera ekitaldian bildu zituzten aurreneko sinadurak, baina bilketarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute. Horretarako, herriko hainbat denda eta establezimendutan aurki daitezke orriak.
Horrez gain, informazioa eskura izatea garrantzitsua dela argi dute mugimenduaren aldeko kideek, eta horrexegatik, nahi duenak beraiekin harremanetan jartzeko bidea ireki dute: Ondoloin@hotmail. com helbide elektronikora mezu bat bidaliz gero, eskatutako informazioa ematen saiatuko direla adierazi dute. Herri batean onartu daitekeen zarata neurria mugatzen duten legeak eskuratu ahal izango ditu nahi duenak, eta gehiegizko zarata jasateak ekar ditzakeen osasun arazoak zein diren ere azaltzen saiatuko dira.
Ondoloin mugimenduarekin bat egin nahi ez, baina arazoa ulertu eta egoera aldatu nahi duen jendea egon daitekeela ere uste du taldeak. Hauek ere animatu egin nahi ditu Ondoloin mugimenduak, beren kabuz bada ere, udaletxera jo eta erreklamazioa jar dezaten.
Azken batean, egoera alda-tzen lagunduko duten mekanismoak martxan jartzea da mugimenduaren helburua. Urte hauetan guztietan arazoa areagotzen ari dela uste dute Ondoloineko kideek, eta oraintxe hasita ezer egiten ez bada, «arazoak zer nolako neurria har dezakeen imajinatu ere ez dugula egiten» ohartarazi dute.
«Asko eta asko ezer egiterik ez dagoela sinestera iritsi dira»
Hernani herri oso dinamikoa eta auzolanerako prest egon dena izan dela azpimarratu dute, eta pena litzakeela izaera hori galtzea. Segurtasun ezak edo egoerari buelta emateko ezinduta sentitzeak hernaniar asko etsipenera eraman dituela ulertzen dute, eta asko eta asko «ezer egiterik ez dagoela sinestera heldu» direla. Hala ere, azpimarratu dute, beste herrialde batzuetan, Hanburgoko garagardo festan esaterako, parrandarako jende asko biltzen bada ere, bizikidetza arauak errespetatzea lortu dutela: «Arazoaren larritasuna onartu eta horri aurre egiteko prest bagaude, hernaniarron eskubideak eta osasuna zaintzea lortuko dugu, parranda eredu egokiago bat sortzearekin batera eta interes ekonomikoak gehiegi kaltetu gabe. Baina inolaz ere, ezin dira bazuen interes ekonomikoak herritarren osasunaren eta eskubideen gainetik jarri».
Ondoloin mugimenduaren gakoak
* Urte osoan zehar lortu behar da Hernaniko Kaxko historikoa `orgia-alkoholiko´ gune erreferente ez izatea.
* Arazoa ez da txotx denboraldira soilik mugatzen. Urte osoan zehar zabaltzen da, asteburu askotan.
* Horretarako, dagoeneko indarrean dagoen legedia errespetatzea eta betearaztea, eta herritarren proposamenak biltzeko bilera errondak antolatzea eskatzen diogu Udalari.
* Estatu mailako legediaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko lege eta dekretuen arabera, eta Hernaniko Elkarbizitza Ordenantzaren arabera, egunean zehar sortzen den zaratak ezin du 65 dezibelioko muga gainditu, eta gauez berriz, muga 55 dezibeliotan dago. Hernanin askotan 90 dezibeliotik gorako zarata sortzen da.
* Herritar guztiak animatu nahi ditugu orain arte lagunartera mugatutako kexak udaletxean jarritako erreklamazio bihurtzera. Horretarako hiru bide daude: zuzenean udaletxera jo, herriko hainbat dendatan aurki daitezkeen orriak sinatu, edota Ondoloin mugimenduarekin harremanetan jarri, helbide elektroniko honetara idatzita:
ondoloin@hotmail.com.