Hogei urte baino gehiago daramatza Giovanna Bittante diseinatzaile italiarrak bitxigintzan. Moda diseinatzaile ikasketak egin zituen, eta ondoren, bitxigintzan espezializatu zen mundu mailako eskola onenetarikoak dauden Vicenza hirian. Bertan hasi zen lanean ere, hainbat enpresa eta tailerretan lehenengo, eta artisautza munduan gero.
Horrela, bitxigintzaz gain alor gehiago lantzea erabaki zuen, eta material desberdinak ikertzen hasi zen, bilduma hibridoa sortzeko.
Buztina izan zen ikertu zuen lehen materiala. Honi beira edota hondarra nahastuta, material bakoitza nola moldatzen zen ikertu zuen. Jarraian, material gehiago erabiltzeari ekin zion.
Buztina, plastikoa eta papera
Buztina lantzen hasi bazen ere, aukera berriak sortu ahala, material berriekin probak egiten hasi zen. Hala, Aragoin birziklapena gai nagusi zuen erakusketa bat osatzeko aukera sortu zitzaion, eta plastikoa lantzen hasi zen.
«Birziklatzea egungo gai nagusietakoa» dela azpimarratzen du Bittantek, eta gainera, «aukera handiak ematen dituen materiala da, bere kolore, forma eta bolumenak atentzioa ematen baitute».
Gaur egun, bitxiak osatzeko papera lan tzen hasia da, nahiz eta gainontzeko materialak erabiltzen jarraitzen duen.
Material pobre eta aberatsak
Biterin ikusgai dagoen bilduma da, hain zuzen, sorkuntza hibrido horren adibide garbiena. Izan ere, erakusketa hau osatzen duten bitxiak egiteko, buztina, plastikoa eta papera bezalako material `pobreak´ erabili ditu. Horiek, zilarra edota harribi- txiak bezalako material `aberatsekin´ nahasten ditu. Horrela, `bilduma elegantea eta deigarria» osatu duela dio, `bitxigintzaren ikutua galdu gabe». Erakusketan ikusitako bitxiak erosteko aukera ere badu nahi duenak.