Hungariatik etorriko dira gaur kaldereroak, inauteriak iragartzera

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 4a, 01:00

Elur Txori elkartean egin dute hitzordua, 21:00etan, kale bueltan ateratzeko. Sandiusterri kalera joango dira lehendabizi, eta gero Kaxkoan barrena ibiliko dira, herria girotzen.

Kriseilu, lapiko eta pertzak eskuan dituztela, Hernaniko kaleetan barrena ibiliko dira gaur Hungariatik datozen kal­dereroak. Inauteriak ira­gartzeko asmoarekin etorriko dira, azken mende laurdenean bezala, eta lapiku edo beste tresnarik konpondu nahi duenak, beraiei eman besterik ez du.

Ibilbide berria, aurten
Herniarrekin ondo mol­datzen dira, hartu-eman berezia izan dute beti, eta aurten ere, hitzordua jarri dute, kale buelta elkarrekin egiteko. Elur Txori elkartetik aterako dira, gaueko 21:00­etan, eta azalduko diren ehundaka herritarrei jakinarazi diete, komeni dela euren janzkerara egokituta joatea: kolorezko jantziak, trapuak buruan eta soinean, urre koloreko koilare, pultsera, eraztun eta belarritakoak... eta nola ez, herritarrak esnatzeko kriseilu, lapiko eta pertzak. Ibilbidea ere, berria dute: Elur Txoritik Sandiusterri kalera joango dira, eta handik Kaxkora; Kar­daberaz jaitsi eta Kale Nagusia igoko dute, eta az­ken geltokia, Plaza izango da.

ZEIN EDERRA

Zein ederra, zein xarmanta
Hernaniko inauteria!
herri jator hernaniarra
agurtuz dugu atsegina.

Hungariako kaldereroak gara
etorriz Hernanira
laister Momok aginduko digu
nahiz eguna nahiz eta gaua

Inauteri alaiaren iragarle gu gara
Ai atsegina eta algara
Aizak, jozak, jozak
Aizak, jozak, jozak

ADISKIDE MAITEOK

Adiskide maiteok
ekin bai lanari

Kriseilu, lapiko, pertzak
burruntzali eta eltzeak
aise konpontzen gu gara
merke eta trebeak.

Eta lana muxu truke
pozik egingo genuke
hor beheko neska polittek
eskatzen badigute.

Hernaniar neska ponpoxak
ez al dugu beste lanik?
aurtengoz badugu aski
eta goazen aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!