Hernaniko aztarna megalitikoetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 4a, 01:00

Mendiriz Mendi elkarteak, Udalarekin eta Aranzadirekin batera, Epele bailaran barrena ibilaldia antolatu du, ‘Hernani ezagutuz’ ekimenaren barruan. Hernaniko aztarna megalitikoak ezagutzeko auke­­ra izango da. Irteera otsailaren 12an izango da.

Mendiriz Mendi

Epeletik hasita proposa­tzen den ibilbide hau, borobila da. Ingurumenaren eta kulturaren aldetik, garrantzia haundiko gu­neak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du. Txangoan zehar, Epele errekaren ertz eta basope ilunez gozatzeko aukeraz gain, kostaldearen ikuspegi bikainaz ere gozatzeko aukera dago. Hala ere, Igoringo lepotik eta Saratsetako lepora arteko eremuak aipamen berezia merezi du, bertan, gure arbasoen garaietara eramango gaituzten hainbat trikuharri eta monumentu megalitikoen az­tar­nak aurkitzen baitira. Trikuharriak edo Jentile­txeak gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak dira. Lurrean zutik di­tuz­te finkatuta hainbat harri, eta hauek estaltzeko, harri lau batez osatutako gaina dute. Beste hizkuntza askotan Dol­men esaten zaie. Hilobi hauek lurrezko nahiz harrizko muinoen gainean eraikitzen ziren (tumuluak) eta honen mugak batzuetan harriz eginiko bo­robil batekin inguratzen ziren (harrespilak). Eskaintzak tu­muluan egiten ziren eta hildakoen ondoan.

Trikuharri ugari
Euskal Herrian aurki daitekeen trikuharri kontzentrazio handienetariko bat ibilbide honetan aurkituko dugu. Bi kilometro eskasean zazpi trikuharri daude. Trikuharri guzti horiek Igoin-Akola estazio megalitikoa sortzen dute. Hernani eta Donostiako lurretan zehar zabaltzen den estazio megalitiko honek guztira hamahiru trikuharri ditu. Hernaniko udalerrian zazpi daude: Sagastietako lepoa I eta II trikuharriak, Akolako lepoa I eta II trikuharriak, Arritxieta trikuharria eta Igoringo lepoa I eta II trikuharriak. Saratsetako lepoan aurki­tzen den Sagastietako lepoa I izeneko trikuharria da hoberen kontserbatuta dagoena. Tumu­lua 12 m diametrokoa da eta altuera 1.70 m-koa. Gan­­­bara 5 harlosaz antolatutako esparru triangeluar bat da, itxuragabetua eta garai batean errektangeluarra izan zitekeena. Honen gainean 2.70 x 2 m-ko estalki bat mantentzen da. Beste altxor batzuen artean, indusketan (excavación) zintzilikario ba-tzuk aurkitu ziren.

Artamugarriak, lur eremuen mugak definitzeko
 Europako antzinako kulturetan ohikoak ziren abereentzako baz­­ka-larre edo egurra apro­be­txatzeko herri-eremu edo auzo-eremuak antolatzea. Eus­karaz eremu hauek har­tzen duten izena saroi, saroe edo sarobe da. Eremu hauek normalean zirkularrak izaten ziren eta zirkulu erdian koka­tzen zen artamugarri baten bidez eraikitzen ziren. Gehie­ne­tan forma zilindrikoa izaten zuen harri horrek bere goiko aldean bi gu­ru­tze edo izar itxurako 8 segmentu edo ma­rrez osatutako ma­rrazki bat izaten zuen. Mar­ka edo lerro horiek beste ho­rren­beste mu­ga­rri periferiko edo baztermugarrien kokalekua adierazten zuten. Mugarri horiek osatutako oktogonoaren laguntzarekin mugatzen zen saroearen zirkulua. Doku­men­tu zaharretan ar­ta­mugarrien ko­kalekua garran­tziz­koa zela aipa­tzen da, be­raien bidez de­fi­ni­­tzen baitziren lur eremu­en mu­­­gak. Herrien edo auzokideen artean lurrengatik sortzen ziren liskarrak argitzeko ere `gida, argia eta gobernua´ ziren. Akolako baserriko lurretan, Akolako soroaren erdiko harria zena, artamugarria, oraindik ongi kontserbatzen da. Artamugarria erreferen­tziatzat harturik jartzen ziren baztermugarriak ikus daitezke oraindik ere baserriaren inguruan. Larregain baserriaren inguruetan ere, beste artamugarri bat aurkitzen da.

Baso garrantzitsua
Naturaren ikuspegitik Epele­ko basoa, Aiako Harriak gune babestuaren barruan kokatzen dena, Hernaniko udalerriko baso garrantzitsuenetariko bat dugu. Bertan, Europa mailan urriak diren erreka-ertzetatik kanpoko haltzadiak aurki daitezke. Erreka eremua bisoi europarra, ur-satorra edota izo­kina bezalako animalia meha­txatuen kontserbaziorako gune garrantzitsua da.

Ibilbidea, Epele errekari jarraituz
 Epele auzoan hasten da bidea. Epele errekaren ubidea jarraituko dugu, Hernani eta Asti­ga­rraga arteko mugetatik do­an erreka. Pistak modu apalean gora egiten du. Bideak erreka albotik eramango gaitu den­bora guztian eta Zepadiko zabalerara iristerakoan eskuinera egiten duen pista hartuko dugu. Bide honetatik Igoringo lepora igoko gara. Igoeraren lehenengo zatia aldapatsua da, baina bigarren zatian aldapa leundu eta igoera lasaiagoa bi­hurtzen da. Lehenengo za­tia­ren amaieran bidegurutze bat aurkituko dugu. Eskuine­ko bideak Larregaine­ra eramaten du. Guk ezkerrekoa jarraituko dugu. Lepora iristerakoan Igo­rin­go lepoa I eta II tri­kuha­rriak ikusteko aukera dago. Lepotik hego-mendebaldera egin behar da eta gainez gain doan bidezidorra hartu. Arritxietako gainera igotzeko, igoera labur baina gogorra to­katzen da. Hemendik Ako­lako lepora jaitsiko gara. Ingu­ru hauetan beste bi trikuharrien aztarnak aurkituko ditugu. Beste aldapa motz baina gogor bati ekin behar diogu berriro ere Akolatxarako gainera igotzeko. Hortik Sara­tsetako lepora jaitsiko gara eta bertan hegoaldera ematen duen pista hartuko dugu. Pista hori jarraituz, aldapa behera, Akolako atsedenlekura iritsiko gara. Leku aproposa deskantsu txiki bat egiteko eta hamaiketakoarekin indarrak berreskuratzeko. Akolatik Larregainera era­mango gaituen zementuzko pista hartuko dugu. Larre­gai­netik errepideari jarraituz Fa­go­llaga aldera jaitsiko gara. Tar­tetxo bat egin eta gero, behe­­ra iritsi baino lehen, es­kui­netara, Epele auzora jaitsiko gaituen bidezidorra hartu behar da. Berriro ha­sie­rako pun­tura iritsiko gara, Epele­ra. 

Datu interesgarriak

l Distantzia: 9 Km.

l Denbora: Azalpenekin 3h30min inguru.

l Desnibela: Metatua

l Goraka: 350m.

l Zailtasuna: Zailtasun 

berezirik gabekoa.

l Beharrezko materiala: 

Mendiko material arrunta. 

l Mendiriz Mendik 

otsailaren 12an 

egingo du irteera hau.

l Izen ematea: 

Autobusean joan-etorria egiteko eta ibiliaren ondoren Irubiden jateko, izena eman behar da otsailaren 9a baino lehen. 

l Nola iritsi: Goizuetara doan GI-3410 errepidea hartu eta Epele 

auzoraino hurbildu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!