Udalak onartu du 2012ko aurrekontua

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 2a, 01:00

Astearteko Plenoa urteko garrantzitsuenetakoa izan zen, Udalak 2012an izango duen aurrekontua onartu baitzen Gobernu Taldearen aldeko botoekin, eta oposizioaren kontrakoekin. Ho­rrez gain, beste hamar puntu izan zituzten aztergai, tartean, bi mozio: Igartzagainako tunelaren ingurukoa, eta sektore publikoaren erreformari buruzkoa.

Aurrekontuan, murrizketa
Udalak, zehazki, 29.494.788 euroko aurrekontua izango du 2012an: pertsonalerako 11.950.954 euro, inbertsioetarako 732.273, eta zerbitzu eta gastu arruntetarako 13.721.215 euro. Gainerakoak, transferentzia arruntak, kapital transferentziak, finantza gastuak eta abar izango dira.
Aurrekontua blokeka az­tertuz gero, ia guztia Uda­laren erabilerarako izango da, 24.219,130 euro. On­gintzarako 7.744.644 euro aurreikusi dira; eta Ere­ñotzuko Auzo Udalerako 309.386 euro.
Luis Intxauspe alkateak azaldu zuenez, Udalaren egoera ekonomikoa eta aurrekontua, izango dituzten diru sarrerek baldin­tzatu dute erabat: «Dipu­tazioak egindako ekarpena murriztu egin da, eta 2011rako egina zuten aurreikuspena ez zen erreala izan». Horrez gain, gaineratu zuen bi partidetan diru kopurua mantentzea erabaki zutela, hala nola, Zerbitzu sozial eta politika sozialean; eta Hezkuntzan eta Euskaran. Pertsonal arloari dagokionean, KPI (IPC) igoera planteatu dela jakinarazi zuen; eta Ongintzako etxe tutelatuetarako diru partida bat ere, aurreikusi zela.

Oposizioak, osoko zuzenketa
Oposizioan dauden hiru alderdiek, PSE-EEk, EAJ-PNVk eta Hamaikabatek aurrekontuaren kontra, osoko zuzenketa aur­keztu zuten, bakoitzak berea.

Zabalago, asteburuan
2012rako Hernaniko Udalak onartu duen aurrekontua zehatzago azalduko du Hernaniko Kronikak igandeko alean. Bertan, Al­katearen adierazpenak eta oposizioaren osoko zuzenketak ere argitaratuko dira.

Igartzagainako tunela, hasieran aurreikusi bezala egingo da
Bi mozio bozkatzekoak ziren astearteko plenoan, baina bat ez zuten bozkatu. Luis Intxauspe alkateak azaldu zuenez, Diputazioak onartu egin du Igartzagainako tunelak hasiera batean aurreikusi bezala egitea, hau da, tunel bikoizketarekin.

Sektore publikoaren erreformaren kontra, mozioa
Udalak, Gobernu Taldearen, PSE-EEren eta EAJ-PNVren aldeko botuekin onartu zuen astearteko plenoan sektore publikoaren erreformaren kontrako mozioa.
Mozioak dio, erreforma horretan, Espainiako Go­ber­nuak hartu nahi dituen neurrien artean bat, Berrezarpen Tasa izoztea dela, hau da, jubilatuko diren funtzionarioen plazak ez betetzea. Horrez gain, zerbitzu publikoak pribatizatzea ere aurreikusten da erreforma horretan: «hau egingo balitz, urte guzti hauetan guztion­tzat izan diren zerbitzuak, dirua duten gutxi batzuren­tzat izango lirateke».
Hori horrela, mozioan ondorengoa eskatzen da: 

1. Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzea. 

2. Udal honek eskatzen du, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren     defentsan kontsentsua mantentzea, Udalek eman behar dituzten zerbitzuen     alde egin dezaten. 

3. Bilduk dei egiten dio euskal gizarteari, mobilizatu eta konpromisoa azaldu    dezan kalitatezkoa den eta herritarrengandik gertuen dagoen sistema        publikoaren alde. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!