Urteak joan dira. Eta ez gutxi. Berrogeita hamar. Otsailaren 4a iritsi orduko, herrian, talde bat aritu da mende erdiz (1962-2012) kantuan: Santa Ageda bezperako koadrila. Hau da, Hernaniko Ohitura Zaharrak Abesbatza. Ideiaren bultzatzailea Tiburtzio ‘Patxi’ Odriozola izan zen, baita zuzendaria ere urte askoan. Hasiera eman zion talde hartaz gain, hamaika izan dira bertan parte hartu duten hernaniarrak. Hainbat. Azken urte hauetan gainera, Santa Ageda bezperan irteteko usadioa herriko ikastetxeetan asko errotu da. Ahaleginak izan du nork jarraitua. Mende erdiz, otsailaren hasiera guzti hauetan zehar gogoz aritu dira hernaniarrak usadio zaharrak goiari eutsi ziezaion. Ez bat eta ez bi. Herritar ugari. Egitasmoak, soinujoleei, txistulariei, bertsolariei eta parte hartzaileei esker iraun du gaurdaino.
Dei berezia, hernaniarrei
Aurtengoa, ospakizun urtea denez, antolatzaileek dei berezi bat luzatu nahi diete hernaniarrei taldearekin bat egin dezaten. Hau da, kantu kantari irten daitezen. Gonbit zabal-zabala. Santa Eskean garai batean taldean ibilitakoei, dabiltzanei eta elkartu nahi duen edozeini dago zuzendua gonbidapena. Larunbatean, taldea, 18:00etan irtengo da Milagrosatik eta ohiko kale-buelta egingo du Kaxkoan zehar. Beraz, parte hartu nahi duen edonori hurbiltzeko deia luzatu diote. Hernaniko Ohitura Zaharrak Abesbatzak, ibilbidean zehar Santa Eskeko kantak ageri diren orriak banatuko ditu kalean barrena dabiltzanek ere koadrilarekin batera abestu dezaten.
Larunbateko kale bueltari begira, gaur, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean entsegua egingo du taldeak. Antolatzaileek, kantak errepasatu nahi dituenari bertara azaltzeko gonbita egiten diote.
Hasierako partaideak
taldean izango dira
Ospakizunaren baitan, hasierako urte haietan parte hartu zuten partaide batzuk ere taldean izango dira larunbatean. Egun berezia izango da. Beraz, makila eskuan, txapela buruan, brusa soinean eta zapi zuria lepoaren bueltan jarri eta `…ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz, baina eztarriz sano gabiltza ta kanta nahi dugu gogoz´, kantatzeko prest dago taldea. Eup!