Hamaika puntu izango ditu gaur, Udalean 19:00etan izango den Plenoak, horien artean: 2012ko aurrekontuak, Igartzagaineko tunelaren inguruko mozioa eta Sektore publikoaren erreformari buruzko mozioa.
Aurrekontuei buruzko azalpen batzuk aurreratzeko asmoarekin, Udalak prentsa oharra bidali du Kronikara. Dionez, Udalaren egoera ekonomikoa baldintzatua dago erabat, diru-sarrera gutxiago izan baitituzte: «Diputazioak 2011rako egin zuen aurreikuspena ez zen erreala izan, eta espero baino gutxiago jaso zuenez, Udalei eman beharreko kantitatea gutxitu egin dute. Ondorioz, aurtengo diru sarrera iazkoa baino txikiagoa izango da».
Udalak jakinarazi duenez, 2012ko aurrekontuak prestatzeko garaian hainbat irizpide jarraitu ditu, tartean, diru partidak mantentzea Zerbitzu Sozial eta Politika Sozialean, eta Hezkuntzan eta Euskaran.
Pertsonal arloari dagokionean, KPIaren (IPC) igoera ari da planteatzen Udala, pertsona eta familien ekonomiak eragin nahian: «erosteko ahalmena mantenduta, ekonomia sustatu eta aktibatzen da».
Ongintzan, gastuak ikusita, azaldu dute, Aldundiarekin harremanetan daudela, beraiei dagozkien konpetentziak hartu ditzaten: «dena den Ongintzako etxe tutelatuetarako diru partida bat aurreikusi da».
Azkenik, diote, murrizketa beste arlo batzuetan emango dela: «gastu arrunta murrizten ahaleginduko gara: zerbitzuak, kontratuak eta abar berrikusiko dira».