Datorren ikasturteari begira, Hernaniko ikastetxeek gaur ireki dute epea aurrematrikulazioa egiteko. Beraz, seme-alabek Hernanin ikastea nahi duten gurasoek, orain dute garaia izena emateko. Epea, otsailaren 10era arte egongo da zabalik.
Ikastetxeetan hiru ziklo izaten dira, adinaren arabera: Haur Hezkuntza (2-6 urte); Lehen Hezkuntza (6-12 urte); eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte). Horren arabera, 6 ikastetxe daude aukeran. HH eta LH egiteko: Elizatxo, Inmakulada, Langile, Txirrita eta Urumea. DBH egiteko: Hernani Institutua eta Inmakulada.
Kalitatezko eskaintza
Udalak argi du Hernaniko ikastetxeek, kalitatezko eskaintza dutela eta honako ezaugarriak azpimarratu ditu, besteak beste: «Euskalduna eta eleanitza da, parte hartzailea, herriko kultur ekintzetan parte hartzen duena, integratzailea, ingurumena zaintzen duena...».
Abantaila asko
Hernanin ikasteak abantaila asko dituela ere azpimarratu du Udalak: «Merkeagoa da, oinez edo bizikletaz joateko aukera dago; erosoagoa da, denbora gutxiago behar da joan-etorrirako; seme-alaben heziketa gertutik segitu daiteke; seme-alabek herrian lagunarte zabala izateko aukera dute; herriarentzako aberasgarria da...».
Hori horrela, bertako ikastetxeetara hurbildu, horiek ezagutu eta informazioa eskatzeko gonbitea luzatu dute.