Denda berria Hernanin, bigarren eskuko arropa, altzari eta abarrekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 29a, 01:00

15 egun barru irekiko dute ‘Berrerabilpen zentrua’, Nafar kalean. Lehiaketa egingo dute, dendari izena eta logoa jartzeko.

«Jendeak ematen dizkigun gauzak hartu, txukundu, eta salgai jarriko ditugu: arropa, altzari, musika instrumentu, jostailu... Jendeak askotan, ez du jakiten nora eraman etxeko gauzak, behin erabili, eta gehi­a­go behar ez dituenean. Askok zakarretan bukatzen dute, eta pena da, aprobetxatzeko mo­duan egoten dira-eta. Gure asmoa da, lana erraztea, bai bota behar duenari eta bai erostunari». Herna­nik denda berria izango du laster, Nafar kalean, bigarren eskuko gauzekin. Berrer@2 Elkarteak irekiko du denda, 15 egun barru, eta arduradu­nak bi hernaniar di­ra: Aikari Lizaso Aldasoro eta María Fernán­dez Zubeldia.

Denda bat baino gehiago...
Berrerabilpen zentrua izango da berez, eta barruan denda ere izango du, era guztietako gauzekin. Horrez gain, ordea, beste gauza batzuk ere eskainiko ditu zentroak, beste herri ba­tzutan egiten direnak: Trukeak egiteko txoko bat, gauzak konpontzeko truko eta erremedioen zerrenda bat, lan poltsa bat, Denboraren Bankua... Denboraren Bankua, adibidez, leku askotan egiten da dagoeneko: «nik zuri etxea margotu diezazuket, eta zuk norbaiti bazkaria prestatu... bonoak egingo ditugu, diruzkoak izan beharrean, ordukakoak. Lan hori egiteagatik, orduka ordainduko da». Hernaniko Udalarekin ere elkarlana egiteko asmoa dute. «Garbigunera bota baino lehen, guk hartuko genituzke gauzak. Erabili balitezke erabili, eta bestela, Garbigunera bota». Beraz, bihartik aurrera jendeak lasai eraman ditzake etxeko gauzak zentro berrira.

Lehiaketa
10 eguneko epea, izena eta logoa proposatzeko

Ez dago oraindik erabakita, den­dak izena zein izango duen eta zein irudi edo logotipo. Horre­tarako, lehiaketa egin nahi dute, herritarren artean, eta sari bat izango du irabazleak: Bigarren eskuko produktu lote bat.
10 eguneko epea dago pro­po­samenak aurkezteko. E-mail ho­­­ne­tara: berrera2@gmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!