Iritsi da hotza, eta iragarpenen arabera, asteartera arte geratuko da

Kronika - Erredakzioa 2012ko ots. 3a, 01:00

Neguko hilabeterik gogorrena izan ohi da, hotzari dagokionean, otsaila. Aurten gainera, aldaketa ondo nabaritzeko aukera izan da, hilabete berriarekin batera, 10 gradu baino gehiago egin baitute behera termometroek. Alerta egoeran gaude, Siberiatik datorren denboralea medio, eta iragarpenek diotenez, datozen egunetan ez du hobera egingo.

Tenperatura maximoak eta minimoak, antzekoak
Adituek atzo zabaldu zutenez, merkurioak ez du iragarri bezain beste egingo behera, hau da, ez du -5 ºCeko muga pasako, nahiz eta haizearen eraginez, hotz sentsazioa haundiagoa izango den. 

Termometroen beherakada astearte eguerditik aurrera hasi zen nabaritzen Hernanin, eta esanguratsuenak, atzo goizeko aurreneko orduak izan ziren. Asteazken goizaldean zero azpira jaitsi zen termometroa, eta 08:00ak aldera hasi zuen elurra Hernanin. Pixkanaka zuritu zuen, eta 10:30etatik aurrera, elurra mara-mara ari zen, karreterak ere, estaltzeraino. Termometroei dagokienean, zero azpitik mantendu ziren ia egun osoan.

Gaur elurra, goizean eta iluntzean
AEMETen iragarpenen arabera, eguraldiak ez du hobera egingo datozen egunetan. Gaur ere, tenperaturak beherako bidean jarraituko duela iragarri du, eta elurra ere, egingo duela. Goizeko 06:00etatik eguerdiko 12:00­e­tara egingo du gehien, eta arratsaldean ere, 18:00etatik aurrera, dexente botatzea espero da. Eguneko gainerako orduetan ateri mantenduko dela azaldu dute. 

Tenperaturari dagokionean, minima -4 gradukoa eta maxima gradu batekoa izango dela iragarri dute.

Larunbatean, astelehenean eta asteartean ere, elurra
Eguraldiak ildo beretik ja­rraituko du asteburuko au­rreneko egunean. La­run­batean eguerdiko 12:00­ak arte egingo duela pronostikatuko du AEMETek. 

Igandean, dirudienez, termometroak 2-7 gradu bitartera igoko dira, eta beraz, atsedena izango da. Aste hasiera ordea, bukatutakoaren parekoa izatea espero da. 

Astelehen eta as­teartean termometroak behera egingo du berriz ere, eta horrekin batera, elur mailak. AEMETen arabera, elurra egingo du ia egun osoan.

Udalak hainbat aholku eman ditu
Elurte eta izozteak direla eta, Udalak hainbat gomendio eta autobabeserako zenbait neurri eman dizkie herritarrei, arazorik izan ez dezaten: in­formazioa eskuratu irrati eta telebistan; ahal bada, kotxerik ez hartu; etxetik ateratzeko arropa egokia jantzi; mendira ez joan, eta joanez gero, ibilbidearen berri eman; ibilgailua hartu baino lehen errebisatu, karreteren egoeraz informatu, eta kateak, pala, telefono mugikorra hartuta eta babeseko arropa hartu; eta gasolina depositoa beteta eraman. 

Azkenik, norbait arriskuan balego, ondorengo bi telefonoetako batera deitzeko eskatu dute: Udal­tzain­gora (943 24 89 00) edo SOS Deiakera (112).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!