Añarbeko Urak enpresak jakinarazi duenez, ur eskaera behera doa etengabe. Añarbek, 2010arekin konparatuta, %5 ur gutxiago eman zien 2011n, bere hamar udalerriei (Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Lezo, Usurbil eta Astigarraga). Sarea hobetzeko egiten ari diren inbertsioei esker izan dela azaldu dute: ur biltegiak berritu dituzte, baita tuberiak ere, jarioak konpondu dituzte...
Eskaera, %39 gutxitu,
azken 17 urteetan
Añarbek azpimarratu du, kontsumoaren joera beheraka doala azken urteetan: «1995 urtean, Añarbek ur sarera bideratu zuen kopurua 41.488.825 m3 izan zen, eta ordutik beherantz doa, etengabe; 2011n, 25.386. 194 m3 izan zen. Horrek esan nahi du, azken hamazazpi urteetan, hornidura %39 gutxitu dela».
Beste datu bat ere eman du: egun batean herritar batek kontsumitzen duen ur kopurua 15 litrotan jaitsi da, 257 litrotik 242 litrora.
Prezioa igo
Ur eskaera gutxitzeak, baliabide naturalak hobeto erabiltzea dakarrela dio Añarbek: «ez ura bakarrik, baita ere energia, erreaktibo kimikoak... Beraz, kalteak ere gutxitu egin dira. Esaterako, CO2 gutxiago isuriko da». Dena dela, kontsumoa gutxitzeak beste ondorio bat ere badakar: «Metro kubiko bakoitzaren prezioa igo egingo da, sistemaren kostu finkoak bolumen gutxiagoren artean banatu beharko baitira».
Zikuñagako papelerako tubo berria
Zikuñagako papelerari lotuta, obra berri bat zuzendu du Añarbek. Urumeako Kolektorearen barrutik, 500 milimetroko diametroa duen tubo bat jarri dute. Gutxi gorabehera 6 kilometroko luzera duen tubo horren zeregina da, Zikuñagako papelerako isurketak eramatea. Horri esker, Urumea bailarako hondakin uren saneamenduaren baldintzak asko hobetuko direla dio Añarbek. Obra, papelerak ordaindu du eta 2.717.545 euroko kostua izan du.