Azkenean ez zituen inork irabazi 2010eko Olinpiadak. Agian beharrik ere ez, guztiak izan zirelako garaileak, herria atera baitzen irabazle. Ondorio nagusi horretatik abiatuz ekin dio Gazte Asanbladak erronka berri horri, lagun eta herrikideekin ondo pasatzeari lehentasuna emanez.
Orain bi urteko edizioa gogoan dute hernaniar gazte askok eta askok, eta errepikatzeko irrikaz daudela ezin da ukatu. Denetik gertatu zen Olinpiada horietan; algara eta nekea, parreak eta kolpeak. Bandera lapurtu ziotenik ere izan zen. Orokorrean giro ona nagusi.
Paella eginez, hasi
Paella lehiaketak eman zion hasiera lehiaketari, luxuzko epaimahia lekuko izan zela; eta ondoren, talde ezberdinen performance-ek giroa alaitzen lagundu zuten. Geroago etorri zen patin proba; gau berezia izan zen Kaxkoko kaleetara atera zirenentzat, ikuskizunaz gozatu baitzuten guztiek. Lehenengo proba horietan jende ugari bildu zen, eta horrek bizitasuna eman zion herriari berari.
Antolatzaileek uneoro izan dute gogoan joku alternatibo eta parte hartzaileak antolatzea, eta horren adibide garbiak izan ziren boxleya eta ginkana. Irudimena erabiliz prestatutako joalasak izan ziren, eta herria jokoleku bihurtu zuten denbora batez. Gazte mugimenduak garrantzia ematen dio beti kirol tradizonalak beste ikuskera batetik begiratzeari eta hori modu ludikoan ulertzeari.
Taldeek izenak ere gogoratzekoak dira, oso xelebreak baitziren asko, umorea eragitea zuten helburu, eta mota guztietako deiturak izan ziren, hala nola, General Mozkors, La Costra Nostra edota Ardi galduak.
Oihartzuna, herritik kanpora ere
Hernaniko gazteriak harro egoteko arrazoiak ditu, horrelako ekitaldiak antolatuta. Egindako lan gogorrak behar bezalako animoak eman ditu berriro ere herria pizteko, eta gainera, aurtengo edizoak lehenago eginiko akatsak zuzentzeko balio dezake, oinarriak behinik behin finkatuak baitaude.
Horrez gain, aipagarria da Olinpiadek herritik kanpo izan duten oihartzuna. Izan ere, gisa honetako ekimenak antolatu dira beste herri batzuetan, hala nola, Hondarribian eta Andoainen. Gainera, hernaniarrek bakarrik ez, inguruko beste herrietako zenbait taldek ere parte hartu zuten 2010eko lehiaketan; esate baterako, Urnietako Poxta Zahar taldeak. Aurten, leku gehiagotako jendea erakartzea dute helburu antolatzaileek.
30 talde, 500 partehartzaile
Olinpiadek bildutako jende kopurua ere kontuan hartzekoa izan zen. Lehiaketan hogeita hamar taldek osatu zuten eta 500 izan ziren parte hartzaileak. Gazteak eta ez hain gazteak aritu ziren korrika eta saltoka hara eta hona. Haurrek ere ez zuten aukera galdu, eta sarritan helduen lekua hartu zuten.
Aurten jende kopurua haundiagoa erakartzeko helburua dute antolatzaileek eta propaganda makineria martxan jarri dute dagoeneko. Lan horretan ari dira Olinpiaden aurpegi bihurtu diren Aker eta Sorgin. Bi pertsonai horiek dira jendea erakartzeko amua, eta dagoeneko grabatu dituzte hainbat spot dibertigarri. Hurrengo kapitiluetan aurtengo edizioarekin zer ikusia duten zenbait atal ikusi ahal izango dira.
Interneten abantailak, erabili
Antolatzaileek, bestalde, interneten abantailak baliatu nahi dituzte ekintza ezberdinen inguruko informazioa helarazteko. Sare sozialek indar haundia hartu duten garai honetan, herritarrengandik gertuago egoteko erabili dituzte Facebook edota web orrialdeak. Youtube berriz, orain bi urteko olinpiaden nondik norakoa ikusteko erakuslehioa bikaina da, bertan aurki baitaitezke proba ezberdinen bideo eta iritziak.
Zentzu horretan, ekimen horiek ez dira soilik proba eta ekintzetara mugatzen. Gazteen irudimenak leku berezia hartzen du eta horren lekuko dira, baita ere, gazteek ekoitzitako bideo, musika edota kartelak. Eduki berriak sortzeko aukera ematen duen zerbait izaki, sormenak hartzen du protagonismoa, eta hori herri mugimendua indartzeko tresna ezinhobea da, sortzen duen herria ez baita sekula hilko.
Balorazioa, positiboa
Olinpiaden balorazioa, orokorrean, oso positiboa izan bazen ere, hain zapore ona utzi ez zuten gertakariak ere gertatu ziren. Olinpiaden helburua eta izpiritua beti, herrian giro ona sortzea izan da, baina talde guztiek, neurri txikian edo haundian, irabazteko grina erakutsi dute uneoro, konpetitibitatea oso errotua dagoen balorea baita.
Ondorioz, balore kontrajarrien talka egotea saihestu ezin daitekeen zerbait da. Hortan datza gakoa, konpetitibitatea eta elkartasuna uztartzean. Zentzua al du, beraz, markagailurik egoteak? Zertarako balio du puntuazioak, desberdintasunak azaleratzeko ez bada? Galdera horiei erantzuten saiatu dira Olinpiaden antolatzaileak, eta guztientzat onena izango den alternatiba bilatzen ari dira.
Elkarlana, errespetua, berdinatsuna...
Olinpiaden jomugetako bat da egungo sistema ekonomikoak ezartzen dituen baloreekin haustea: elkarlana, elkartasuna, parte hartzea, errespetua eta berdintasuna dira indartu nahi diren zutabeetako batzuk. Herritarren antolakuntzan oinarritutako ekimen alternatiboak egin dira, eguneroko ohitura ezarriak baztertuz, eta gizarte molde gizatiarragoa aldarrikatuz.
Gazte Asanbladaren beste erronka nagusia herriko koadrila gehienen parte hartzea lortzea da, hau da, Hernaniko pluraltasunera iristea, alegia. Izan ere, euskal kulturan hain errotuta ez dauden guneetan agian ez da oraingoz harremana ezartzea lortu, esate baterako, erdaldun komunitatean edota etorkinekin, eta horietara guztietara iristea lorpen handia izango litzateke.
Kontrakantxa gaztetxea, topagune
Horrez gain, Kontrakantxa gaztetxeak guzti honetan izan duen papera ere aipagarria da. Jokoen antolamenduaren gune neuralgikoa bihurtu da eta ezinbesteko funtzioa bete du beti. Bilerak egiteko erabili da, materiala gordetzeko biltegi eta lantegi gisa ere funtzionatu du, eta hainbat ekitaldi kultural ere bertan egin dira. Orain inoiz baino gehiago aldarrikatu nahi dute gazteek gaztetxearen beharra eta garrantzia, eta hori mantentzeko egiten duten eguneroko lana txalogarria da. Aurrerantzean ere bertan egiten den lanak fruituak ematen jarraituko duela garbi dago.
Ustekabeak ere, izan ziren
Orain bi urteko lehiaketan, bestetik, hainbat ustekabe izan ziren. Zenbait parte hartzailek zauriak eta lesioak izan zituzten jolasetan, hala nola, zaintiratuak eta zorabioak. Azkenean anekdota besterik izan ez bazen ere, kontuz aritzeko motiboak dituzte antolatzaileek, eta ondorioz, neurriak hartzeko prest dira.
Probak egiten diren bitartean anbulantzia lekuan egotea proposatu dute eta aukera hori aztertzen ari dira. Agian modu erregularrean kirola egiten ez duten pertsonek, gehiegizko esfortzua egitearen ondorioz, gertatu ziren ezusteko horiek, eta aurrerantzean kontuarekin aritzeko deia luzatu nahi izan dute antolatzaileek.
Beraz, Hernaniko Gazte Olinpiadak abian dira eta ondorengo hilabeteetan talde ezberdinek lana egin beharko dute guztia prestatzeko eta ahalik eta forma fisiko onenean lehiara iristeko. Aitzakiak soberan daude, eta ondo pasatzeko motiborik ez da falta. Lagun artean ondo pasatzeak du garrantzia, ez irabazteak. Dena da posible. Adi orduan gazteak, badatoz eta herriko Olinpiada mundialak. yy