Gaur egungo egoera politiko-ekonomikoaren berri eman zuen atzo prentsaurrean ELA sindikatuak eta Zerbitzu Publikoetako langileengan duen eragina azaldu zuen, besteak beste. «Krisiaren aitzakiarekin Zerbitzu Publikoei eta langileei eraso bortitza egiten ari dira. Zerbitzu Publikoak pribatizatu eta negozioa egitea dute helburu, lan baldintzak okertuz». Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo gobernuak hartu dituzten neurriekin egoera okertu egin dela azpimarratu zuen: «enplegu publikoa suntsitzen ari dira, oposaketa gutxiago eskainiz. Lan karga haunditzen ari dira, kalitatea jaitsiz. Soldata murrizten ari dira eta erosteko ahalmena behera doa. Bajan dauden langileei soldata-osagarria murrizten ari zaie eta honek, gaixotzeko eskubidea zalantzan jartzen du. Absentismoa aitzakiatzat darabilte. Eta erretiro forzatua bultzatzen ari dira pentsio bajuak dituztenen kalterako».
«Zerga politika ez da aldatu»
ELAk dio, krisian murgilduta gauden honetan, zerga politika ez dela aldatu. «Agintariek murrizketak egiteko beharra azaltzen duten bitartean, jaso behar dutena igotzeaz ahazten dira, hau da, zergez. Herritarren gutxiengo bat aberasten ari da, gehiengoa pobretzearen kontura».
Mobilizazioak:
Otsailak 1, asteazkena: Egoeraren hausnarketa sakona. Adolfo Muñoz ‘Txiki’, ELAko Idazkari Nagusia bertan izango da. 10:00etan, Tolosako TOPIC aretoan.
Otsailak 4, larunbata: Manifestazio nazionala ‘Ongizate estatua jo puntuan, mugi gaitezen gure eskubideen alde’. Eragile sozial ugarik eta ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT, EHNE eta HIRU
sindikatuek deituta. 18:00etan, Bilboko Jesusen Bihotzatik abiatuta.