Bi urte pasa dira Atez Ateko hondakin bilketa martxan jarri zenetik, eta Udalak Kronikara bidalitako prentsa oharrean jakinarazi du, badirela batzuk joera txarra azaldu dutenak: «egokitzeko epea luzea izan da, eta gutxi batzuk joera txarrak dituzte oraindik. Jokaera hauek bizilagunekiko errespetu falta adierazten dute, elkarbizitza urratuz».
Udalaren erabakia, ordenantza aplikatzea
Gauzak horrela, Udalak erabaki du ordenantza zorrotz aplikatzea arauak hausten dituzten guztiei: «espedienteak irekiko dira behin eta berriz gaizki egiten dutenei edo asmo txarrez Atez Atekoa oztopatu edo herria zikintzen saiatzen direnei».
«Udalak baliabide guztiak jarri ditu herritarrak hezitzeko»
Prentsa oharrean diotenez, sistema berria ezarri zenetik Udalak baliabide guztiak jarri ditu, herritarrak aldaketarekin ohitzen joan daitezen: «Udalak auzotarrak zituzten zalantzak argitu ditu, oker egiten dutenekin kontaktuan jarri da, eta zuzentzeko azalpenak eman dira».
Gogoratu beharreko bost puntu
Prentsa oharrean, Udalak bost puntu gogoratu nahi dizkie herritarrei:
«1) organikoaren ontzian ez da poltsarik jarri behar; 2) kaleetako zaborrontziak ez dira etxeetako zaborra botatzeko, kalean, momentuan sortzen den zaborra botatzeko baizik; 3) hondakina, dagokion egunean, norberari dagokion tokian zintzilikatuko da; 4) zakur eta katuen kakak egunero atera daitezke, pixoihalak eta konpresak bezala, aparteko poltsa batean; 5) edukiontziak garbi eta txukun edukitzea norberaren ardura eta betebeharra da».
«Zoriontzeko emaitzak lortu dira»
Herritar batzuk arauak hausten badituzte ere, gehiengoak borondate ona erakutsi duela dio Udalak: «urrats haundiak eman dira hiri hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklapenaren kontzientziazioan. Zoriontzeko emaitzak lortu dira».